Greban daude Maria Etxetxiki eguneko zentroko langileak

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 28a, 11:46

Zarauzko Maria Etxetxiki. (Artxiboko irudia)

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan borrokan jarraitzen dute, lan hitzarmen "duin" baten alde. Zarauzko eguneko zentroko langileek bat egin dute aste honetarako greba deialdiarekin, eta astea amaitu arte luzatuko dute lanuztea. Negozioazioak bere horretan jarraituz gero, abenduan ere greba egingo dute.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan hitzarmen "duina" aldarrikatzeko asmoz, mobilizazioetan jarraitzen dute langileek, eta aste honetarako protesta saio ugari deitu dituzte LAB zein ELA sindikatuek. Astelehenean greba eguna deitu zuten bi sindikatuek, eta ELAk ostiralera arte luzatuko ditu lanuzteak.

Eskualdean ere mobilizazioz betetako asteari ekin zioten astelehenean: atzo, asteartea, elkarretaratzea izan zen Azpeitian; eta gaur, asteazkena, auto karabana egin dute goizean, Zarauztik hasita. Bihar, osteguna, pintxo pote "aldarrikatzailea" izango da Zumaian, 19:00etan.

Zarauzko Maria Etxetxiki eguneko zentroko langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta astea amaitu arte luzatuko dute lanuztea. Negozioazioak bere horretan jarraitzen badu, abenduan ere greba egingo dutela jakinarazi dute langileek, abenduaren 24tik 31ra.