Erdi Aroko azoka izango da datorren astean

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 29a, 15:12

Abenduaren 5ean emango diote hasiera, eta abenduaren 9ra arte iraungo du. Salmenta postuak, ikuskizunak eta emanaldiak izango dira bertan, eta Lume de Biqueira taldeko gaita-jotzaileek ere Alde Zaharra eta inguruko kale zein plazak girotuko dituzte.

Urtero bezala, abendua hastearekin batera, Erdi Aroko azoka izango da Zarauzko Alde Zaharrean eta inguruetan. Xacobeo MMXXI taldearen eskutik, abenduaren 5ean, asteazkena, 17:00etan emango diote hasiera. Abenduaren 9ra arte, igandea, iraungo du. Egunero irekiko dute 10:30etik 23:30era, igandean izan ezik; egun horretan, 17:00etan emango diote amaiera azokari, ikuskizun berezi batekin.

Urteroko salmenta postuez eta ikuskizunez gain, gaita-jotzaile talde bat ere izango da aurten; Lume de Biqueira. Talde honek nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu du, besteak beste, Txinan. Zarautzen abenduaren 8an, larunbata, zenbait emanaldi eskainiko dituzte gaita-jotzaileek; esate baterako, 10:30ean azokaren aurkezpen desfilean izango dira, 17:00etan kalejiran arituko dira eta 19:30ean kontzertua emango dute Lege Zaharren enparantzan.

Produktu desberdinen salmenta postuak Alde Zaharrean eta inguruko kale eta plazetan jarriko dituzte, eta Zarauzko dendari eta artisauak ere izango dira bertan. Bestalde, ekitaldi anitzak antolatu dituzte egun horietarako, hala nola, kalejirak, tailerrak, magia ikuskizunak, kontzertuak, ipuin kontalariak eta abar. Bestalde, haurrei zuzendutako bi gune ere antolatu dituzte, Torre Luzeako parkean eta Frontoi Txikian.