Sexu Aholkularitza Gunea, erronka berriei eusteko prest

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 30a, 12:42

Zarauzko Parekidetasun sailaren eskutik, 2010. urtean jarri zuten martxan sexu aholkularitza zerbitzua. Helburua herritarrek sexuaren eta afektibitatearen inguruan dituzten kezkak, galderak eta partekatu nahi dituzten arazoak jasotzea da, argibideak emanez hauek bideratzen saiatzeko.

Aitziber Estonba sexologoa eta Harremanak elkarteko kidea da Zarauzko Sexu Aholkularitza Guneko (Zuberoa kalea, 22) arduraduna, eta ikastetxe desberdinetan ere lanean aritzen da, sexuarekin eta afektibitatearekin lotutako gaiak jorratzeko asmoz sortutako programa desberdinen bidez. Estonbak azaldu duenez, azken urteotan sexu aholkularitza zerbitzuan bilakaera bat gertatu da: "Hasiera baten, gehienbat gazteak jartzen ziren gurekin harremanetan, sare sozialen bidez edo posta elektronikoz. Gaur egun, gugana jotzen duten pertsonak adinez helduagoak dira, eta beraz, aurrez aurreko zerbitzuak gora egin du".

Estonbaren arabera, adinaren arabera kezkak eta galderak aldatu egiten dira. "Pertsona helduagoen artean ohikoagoak dira bikotekideekin zerikusia duten galderak; elkarbizitzarekin eta elkarbizitzan sortutako arazoekin lotutako kontsultak asko izaten dira". Dena den, kontsulten "abanikoa" oso "zabala" izan daitekeela azpimarratu du.

Sexu Aholkularitza Gunera jende helduagoa hurbildu izana, alde batetik, "positiboa" dela adierazi du Estonbak: "ematen dugun zerbitzua serioa eta kalitatezkoa dela esan nahi du". Baina, beste alde batetik, gazteekin ere hartu-eman handia izatea "garrantzitsua" dela nabarmendu du: "zerbitzu honen behar handia dutela uste dugu". "Askotan lotsa ematen digu honelako guneetara jotzea, baina etortzen diren pertsona guztiak oso gustura irteten dira. Askok ikusten dute buruan dituzten kezkak eta galderak jende gehiagok ere badituela eta ohikoak direla, eta lasaiago gelditzen dira".

Estonbak gogorarazi du doako zerbitzua dela, eta Sexu Aholkularitza Gunera hurbiltzeko gonbidapena luzatu die zarauztarrei. Bakarka zein bikoteka joan daitezke herritarrak, eta saio baten baino gehiagotan ere landu ditzakete beren kezkak eta galderak. Normalean, ordubete inguruko saioak izaten dira. Interesa dutenek astearte arratsaldetan dute Gunera bertaratzeko aukera, 17:00etatik 21:00etara. Harremanetan jartzeko, sexuaholkularitza@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezakete, edo 943 005 128 telefono zenbakira deitu dezakete bestela.