Durangoko Sormen Bekaren irabazleetako bat da Galder Gonzalez

Berria.eus-Zarauzko Hitza 2018ko abe. 6a, 13:29

Galder Gonzalez, bere Twitter kontuan partekatutako irudi batean

Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztutako ATOPIArpg euskarazko rol jokoak irabazi du Durangoko Azokako lehenengo Sormen Beka, eta talde horretako kide da Galder Gonzalez Zarauzko bizilaguna.

Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztutako ATOPIArpg euskarazko rol jokoak irabazi du Durangoko Azokako lehenengo Sormen Beka. Urtebeteko epea izango dute jokoa sortu eta argitaratzeko. Horretarako, 15.000 euroko beka jasoko du taldeak, eta 2019ko Durangoko Azokan aurkeztuko du.

Itxaro Borda idazleak hitz egin du epaimahaiaren izenean: "Rol joko bat euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean, sortzaile talde dinamiko batek ekartzen duena. Irudimena eta irudiak lantzen dituzte, Euskal Herriko gaurkotasunean errotzen da, eta umorea ere sartzen da narrazio eta komentarioetan".

Proiektuaren sortzaileek azaldu dute gabezia batetik abiatutako proiektua dela, eta euskarazko rol-jokoetan dagoen hutsunea betetzea izan dutela helburu: "Proiektu honetan aurkezten den egitasmoak euskaraz sortu eta argitaratutako lehen rol jokoaren liburua du helburu, baina proposamen honekin paraleloan adierazpide ezberdinak lantzen saiatzen ari gara, blog, sare sozial eta irrati bidez euskarazko rol jokoen posibilitateak aztertzeko".

28 proiektu aurkeztu dira deialdira, eta hiru izan dira finalistak: Gerrak, Hiru Puntu eta proiektu irabazlea.