Pozik dira salmentekin Erdi Aroko Azokako saltzaileak

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 9a, 19:00
Ezkerretik hasita, Asier Bengoa, IƱaki Xalabarde, Ane Franco eta Sonia Mosquera (Onintza Lete Arrieta)

HITZAk iritzia eskatu die Zarauzko, Larrabetzuko eta Lugoko (Galizia) saltzaile banari, azokaren azken egunean. Salmentez, giroaz eta euren produktuez hitz egin dute. Esaterako, gazta beltza izan du salgai Iñaki Xalabardek, eta atzotik agortuta dauka: "Ez dakit zenbat ekarri nuen, kabitzen zen guztia hartu nuen".

Iñaki Xalabarde (Lugo, Galizia)

"Jendeak zerbait desberdina probatu nahi du"

Bilbotarra da izatez, baina urte asko daramatza Lugon, eta handik etorri da aurreneko aldiz Zarauzko Erdi Aroko Azokan parte hartzera. "Banuen Zarautzera etortzeko gogoa, urte asko baitira azkenekoz izan nintzenetik".

Pozik da salmentekin. Pateak eta gazta beltza ekarri zituen posturako, eta gazta beltza dena saldu du. "Argi daukat jendeak zerbait desberdina probatu nahi duela, eta horregatik izan du arrakasta gazta beltzak. Produktu berriren bat pentsatu behar dudanean, merkatura joaten naiz. Hala, badakit zer ez dudan egin behar". Pateak ere bereziak ditu. Esaterako, oilasko eta gaztarena du bat.

Gazta beltzari dagokionez, azaldu du odolki forma ematen diola, gazta txerri hestean sartuta. Argi zeukan beste buelta bat eman behar zitzaiola gaztari ere: "10.000 urte daramatzagu gazta egiten; bada aldatzeko garaia, ezta? Idiazabal gazta badakigu nola moztu eta zer edarirekin lagundu. Nire gazta era askotara jan daiteke, zapore askorekin konbinatuta eta edari mota askorekin. Errezeta asko ditut prest, egiteko oso errazak direnak, etxean ditugun osagaiekin edo ondoko dendan ditugunekin".

Adibide bat jarri du. Bost Beltzak deitzen dio, kolore hori delako nagusi berak sortutako mokaduan: "Errezeta honek irrifarrea eragiten die entzuten dutenei: aurrena ogi beltza mehe ebaki eta txigortu; oliba olio pixka bat bota, eta ondoren pate beltza jarri; gero, txokolate beltza xehetu eta gehitu pateari; azkenik, Juanola pastilla xehe-xehe egin, eta gehitu. Horri laguntzeko, garagardo beltza aukeratu. Mokadu goxo-goxoa da!".

Aurtego arrakasta ikusita, datorren urtean Zarautzera itzultzeko asmoa agertu du.

 

Ane Franco eta Sonia Mosquera (Zarautz)

"Oso gustura gaude aurtengo antolakuntzarekin"

Postu gehienak Zarauztik kanpoko artisauenak dira, baina herriko dozena bat postu ere badago: Nahia elkartekoak dira erdia inguru, eta beste horrenbeste Murkil merkatari elkarteko kideenak.

Ane Franco eta Sonia Mosquera Nahia artisauen elkarteko kideak dira. Aurrenekoak bitxiak eta turbanteak saltzen ditu Kilimala dendan, eta bigarrenak, berriz, ume txikientzako jantziak, Haurtxo-Jantzi dendan.

Hirugarren eta bigarren aldia dute Erdi Aroko Azokan, eta pozik daude aurtengo esperientziarekin: "Oso ondo doa dena. Salmentak ondo, kontuan hartuta gure produktuak ez direla oinarrizko beharrak asetzeko. Animazioa ere, iaz baino hobea da. Herria jantziago dago, ikuskizun mordoa ari dira eskaintzen, eta giro polita dago. Oso gustura gaude aurtengo antolakuntzarekin". Iaz enpresa batek kudeatu zuen azoka, eta aurten beste bat da arduraduna.

Eguraldiaz ere kexatzerik ez dute. "Arratsalde batean egin du txarra eta kaleak hutsak gelditu ziren, iragarritako saioak ere bertan behera gelditu ziren, baina gainerakoan ondo portatu da, pozik gaude", esan dute.

Bertako nahiz kanpoko erosleak izan dituztela azaldu dute: "Oriotik, Getariatik, Azkoititik etorri da jendea. Baita Eibar eta Donostia aldetik ere. Eta kanpokoa ere ibili da".

 

Asier Bengoa (Larrabetzu)

"Urteko garai hau oso ona izaten da guretzat"

Sarrikola Ogitegiak bost postu jarri ditu Zarauzko Erdi Aroko Azokan, eta hamabi langile ari dira lanean. Asteburu honetan bertan beste zenbait azokatan ere jarriak dituzte postuak. "Urteko garai hau oso ona izaten da guretzat", azaldu du Asier Bengoa enpresaren zuzendariak.

Erroskillak frijitzen dabil, lanean. Horixe da gehien saltzen den produktua Zarautzen. "Zenbat kilo? Zaila da esaten, bost postu ditugulako, baina gutxi gorabehera, 2.000 kilo inguru salduko ditugula kalkulatzen dut". Ez dira nolanahiko datuak.

Erroskillez gain, euskal pastela eta kokozko opilak dira arrakastatsuenak. "Egurrezko labean egiten dugu dena, eta ez dugu kontserbanterik eta halakorik erabiltzen, naturala da dena", azpimarratu du.

Erdi Aroko Azoka egiten hasi zirenetik datozela uste du Bengoak, eta "printzipioz", datorren urtean ere etorriko dira. "Ea nork antolatzen duen". Aurtengo antolakuntzarekin, behinzat, gustura dira larrabetzuarrak ere.