Gabonak eta dolua izango dituzte hizpide ostiralean Antoniano aretoan

Onintza Lete Arrieta 2018ko abe. 12a, 17:30
Egun zailak datoz gertukoren bat falta duenarentzat.

Patxi Izagirre psikologo klinikoak emango du hitzaldia ostiralean 19:00etan 'Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu' izenburupean.

Patxi Izagirre psikologoarentzat galdera: "Zer egin dezake familia batek Gabonetan, duela bost urte hil zen amona aipatzeko gai ez bada aitona?". Erantzuna: "Aitonaren ukazioa errespetatu behar da, baina familiako beste kideen beharrak ere aintzat hartu behar dira. Oreka bat aurkitu beharko dute, xumeki, amona aipatzeko, aitonaren jarrera errespetatuz".

Izagirrek hogei urteko esperientzia du dolu prozesuetan, eta bihar hitzaldia eskainiko du Zarauzko Antoniano aretoan, 19:00etan. Zarautz Herri Zaintzailea elkarteak antolatu du saioa, Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu izenburupean. Gertukoen heriotzari aurre egiteko aholkuak emango ditu, eta batez ere Gabonak bezalako data bereziei erreparatuko die. "Gabonak egun seinalatuak izaten dira, baina baita urtemugak eta beste data batzuk ere", zehaztu du Izagirrek.

Hitzaldiaren helburua da "asmatzea falta direnak gure ospakizunetan integratzeko modu bat, gaia saihestu gabe eta isolamendu emozionalean gelditu gabe". Izan ere, Izagirrerentzat Gabonak ez dira festa giroko egunak bakarrik; emozio giroa ere egon daiteke, eta normalizatu egin behar da hori.

Gabonak ez dira berdinak izaten denentzat, baina batez ere doluan sartuta dagoenarentzat, "egun mingarriak izan ohi dira, hutsuneak nabariagoak egiten direlako". Psikologo kontsulta du Izagirrek, eta han argi ikusten du egun hauen eragina: "Askotan kontsultan ikusten duguna da Gabonen aurretik jendea hasi dela mina sentitzen, edo Gabonak azkar pasatzeko gogoz dagoela".

Aholkuak ematerakoan, ordea, zuhurtziaz jokatu nahi du, pertsona eta familia bakoitza bakarra delako. "Kanpotik aholkuak ematerakoan kontu handiz ibili behar da". Mina lotuta dago norberaren nortasunari, inguruan dagoen bakardade edo laguntasunari eta, noski, falta den pertsonarekiko zegoen loturari. Hala azaldu du Izagirrek. Data hauei lotuta, bi kode sozial daudela azaldu du: "Dolua edo mina ukatzea da kode bat, eta bestea, agerian uztea eta sasi-normalitate batekin aipatzea edo partekatzea". Hau da: ukazioaren kodea batetik, eta inklusioarena, bestetik. Izagirreren ustez, "inklusioarekin batera dator betiko beldurra: hunkitzen bagara, mahai-ingurua zapuztuko dugula pentsatzen dugu, baina ez da horrela. Agian, gero errazago jarraitzen da otorduarekin".

Azken urteetan, hobera

Dena dela, gizartearen jarrerarekin baikorra da Izagirre. Uste du euskal gizartea azken urteetan aurrerapausoak ematen ari dela heriotza eta dolua barneratzerako orduan. "Azpimarratu nahi dut zorionez azken urteeta badagoela mugimendua integrazioaren alde. Bestelako sentsibilitate bat ari da garatzen gizartea, eta azken urteetan ohikoa da data hauetan ere doluaren gaia agertzea komunikabideetan, hitzaldi bidez eta abar".  

Izagirrek azaldu du gaia jorratzen hasiak direla erietxeetan eta ikastetxeetan, eta ez soilik heriotza bat gertatzen denean, baita aurretik ere. Azken bospasei urteetan ari da ikusten aldaketa, eta horren adibide, suizidioen gaia aipatu du: "Gaur egun errazago hitz egiten da suizidioez orain bi urte baino, eta horrek esan nahi du askoz errazago hitz egiten dela heriotzaz duela hamar urte baino. Gaia integratzen ari da gizartea".

Gaia adin-tarte guztiekin jorratzea ere garrantzitsua da psikologoarentzat. "Pentsatzen dugu haurrak ez direla ohartzen gertatzen denaz, baina uste baino gehiago ulertzen dute". Hala, helduen esku dago naturaltasunez erakustea mina gertuko bat hiltzen denean. "Oso interesgarria izan ohi da haurrak eta aiton-amonak elkartzea gai hauetaz hitz egiteko", gomendatu du.