Seitik sei bai Asteasun?

Mailo Oiazabal 2018ko abe. 13a, 12:00
Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.' lanean, Zarauzko Bi Harri txapelketan. (Amaia Urbieta Arruti)

Urrezko Aizkolari eta Gabonetako Harri-jasotze kopen finalak jokatuko dira Urtezahar egunean. Eskualdeko hiru finalista badira dagoeneko, eta beste hiruk aukerak dituzte. Finalean egon daitezkeenetakoak dira Hodei Iruretagoiena Izeta IV eta Iñigo Eizagirre Eiza

Urola Kostako kirolariak nagusi izango dira herri kirolen urteko azken hitzordu nagusian. Hilaren 31n, Urtezahar egunean, Urrezko Aizkolari Kopa, Gabonetako Harri-jasotze Kopa eta Gabonetako Emakume Ingude Kopa jokoan izango dira Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuan. Ingude altxaketan ez da eskualdeko kirolaririk lehiatu, baina aizkoran zein harri-jasotzen zabala izan da Urola Kostako ordezkaritza, eta Asteasuko finaletan ere nagusi izango dira, kopuruari dagokionez bederen, eskualdekoak. Bi final horietako sei tokietatik hiru eskualdekoentzat izango direla segurua da, eta seirak ere izan daitezke.

Urrezko Aizkolari Kopan gerta daiteke finalista guztiak Urola Kostakoak izatea. Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra sailkatuta daude, hirugarren lehiakidea zein izango duten jakiteko zain. Igandean ezagutuko dute haren izena, Otxandion (Bizkaia) jokatuko den hirugarren finalaurrekoa bukatutakoan. Eneko Otaño da hirugarren finalaurreko hori jokatuko dutenetako bat; Iñaki Azurmendi izango du aurrean beizamarrak.

Otañok Otxandion irabazten badu, aizkolarien kopak Urola Kostarako bidea hartuko du aurten ere. Iaz, Larrañagak jantzi zuen txapela Asteasun, eta garaipen hura defendatzeko aukera izango du aurten. Azpeitiarra, Rekondo eta Azurmendi bezala, fianalurrekoetara zuzenean sailkatu da aurten; lehendabiziko finalaurrekoa jokatu zuen eta Joseba Otaegiri aise irabazita lortu zuen finalerako txartela, duela bi aste, Usurbilen. Arria V.ak, berriz, kanporaketa fasetik iritsita lortu du finalean sartzea; Rekondori irabazi zion joan den igandean, Aizarnazabalen. Otaño, bere aldetik, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrari gailendu zitzaion kanporaketa faseko azken saioan, Azkoitian, azken finalaurrekora sailkatzeko.

Izeta IV.a eta Eiza lehian

Gabonetako Harri-jasotze Kopan ere irekita dago finaleko protagonista guztiak Urola Kostakoak izatearen aukera.

Harri-jasotzaileen txapelketan ere Otxandiokoa izango da finalaren aurreko azken saioa. Baina aizkolarienean ez bezala, saio bakoitzeko irabazleak ez du zertan finalera iritsi. Harri-jasotzaile bakoitzaren altxaldi kopurua da kontuan hartzen dutena. Horrela, momentuz, kirolari bakarrak dauka ziurtatuta finalean aritzea, eta Xabier Peñagarikano Peña da bera. Aizarnazabalgoak etxean jokatu zuen bere saioa joan den igandean, eta orain arte lehiatu direnen artean altxaldi gehien batu dituena denez, Asteasun ariko da urteko azken egunean.

85 jasoaldi egin zituen Peñak igandean, 84 ditu oraingoz bigarrena den Urruzunok, eta 81 Goikoetxek, behin-behinean hirugarrena denak. Horrenbestez, Otxandion buruz buru ariko diren Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrak eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak badakite zer marka hobetu behar dituzten finala jokatu ahal izateko, eta bide batez, Urola Kostako final beteak ziurtatzeko.