Zarauzko korrikalariak ere Huelvara begira

Zarauzko Hitza 2018ko abe. 19a, 11:57
Zarauzko emakume korrikalariak.

Astelehenean Laura Luelmo zamorarraren gorpua aurkitu zuten Huelvan (Espainia). Korrika egitera atera zenetik desagertuta zeramatzan egun batzuk, eta duela ordu batzuk, hilketagatik susmagarria zen atxilotuak berak hil zuela aitortu du. Toki desberdinetan deitu dituzte mobilizazioak hilketa salatzeko, eta Zarauzko korrikalariek ere keinua egingo diote.

Zarauzko emakume korrikalariak ohi bezala elkartuko dira gaur 19:00etan korrika egiteko, baina gaurkoan, ibilbidea Lege Zaharren Enparantzan amaituko dute. Bertan, Laura Luelmoren hilketa salatzeko irakurketa bat egingo dute.

A 3 el Km korrikalari taldekoek ere elkartasun keinua helarazi nahi diote Luelmoren familiari. Horretarako, ostegunean, 19:00etan Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira eta minutu bateko isilunea egingo dute Luelmoren oroimenez. Ondoren, korrika saioa egingo dute herriko kaleetan zehar.