Sorosle eta lehen sorospen ikastaroa eskainiko du DYAk

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 2a, 13:49

Urtarrilaren 12tik otsailaren 2ra bitartean izango da, larunbatetan. "Egunerokotasunean aurki ditzakegun arrisku egoerei" aurre egiten irakastea da ikastaroaren helburua, "modu eroso eta atseginean". Izen-ematea telefono bidez egin daiteke jada.

Urtarrilaren 12an, larunbata, sorosle eta lehen sorospen ikastaro berri bati hasiera emango diote, Gipuzkoako DYAren eskutik. Lau asteko iraupena izango du ikastaroak, otsailaren 2ra arte. Larunbatetan izango dira saioak, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, DYA Ordezkaritza eraikinean (Iturribidea kalea, 12-14 behea).

DYAk jakinarazi duenez, "ez da beharrezkoa aurrez ezagupenik izatea". "Egunerokotasunean aurki ditzakegun arrisku egoerei nola erantzun" irakastea da helburua, esate baterako, zauriak, erredurak, hausturak edo bihotz eta birika susperketa. "Modu eroso eta atseginean", eta teoria eta praktika uztartuz, "ezagupen oso arruntak baino laguntza handia eman dezaketenak" irakatsiko dituzte.

Ikastaro amaierako frogak gaindituz gero, Gipuzkoako DYAren Sorosle Titulua eskuratuko dute parte hartzaileek. Izen-ematea telefono bidez egin daiteke jada, 943 464 622 telefono zenbakira deituta, eta 110 eurokoa izango da matrikularen kostua.