Emakumeen Nazioarteko Egunari buruzko kartel lehiaketa antolatu du udalak

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 2a, 16:00
X. Kartel Lehiaketako irabazlea.

Urtarrilaren 7tik 18ra bitartean aurkeztu beharko dituzte lanak parte hartzaileek, eta martxoaren 8arekin zerikusia izan beharko dute, "edozein ikuspuntutatik".

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, XI. Kartel Lehiaketa antolatu du Zarauzko Parekidetasun sailak. Urtarrilaren 7ko 08:00etatik urtarrilaren 18ko 14:00etara izango da lanak aurkezteko epea, eta martxoaren 8arekin zerikusia izan beharko dute, "edozein ikuspuntutatik".

Kartelek 2019ko martxoaren 8a - Emakumeen Nazioarteko Eguna testua sartuta izan beharko dute derrigorrez, "ondo ikusteko moduan". Gainera, egileek hala nahi izanez gero, gaiari buruzko leloren bat ere txertatzeko aukera izango dute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lan bat aurkezteko aukera izango du, eta "originala eta argitaragabea" izango da.

Lehiaketan parte hartu ahal izango du 18 urtetik gora duen edozein herritarrek, banaka edo taldean, epaimahaiko kideek eta Zarauzko Udaleko langileek izan ezik. Bestalde, epaimahaiko kideek kontuan izango dute "lanaren erreprodukzioak zailtasunik ez ematea" eta lau tinta baino gehiago behar ez izatea. Urre eta zilar koloreak baztertuko dituzte, eta baita kolore fluoreszenteak ere.

Parte hartzaileek ordenagailuz egin beharko dituzte lanak, eta zehaztutako epean, berdintasuna@zarautz.eus helbidera bidali beharko dituzte. Bi sari izango dira lehiaketan: epaimahaiak emandakoa (400 euro) eta jendeak gehien bozkatutako kartelarena (200 euro). Epaimahaiak kalitatea eta originaltasuna, proposatutako gaiarekiko egokitzapena eta sormena izango ditu kontuan.

Aurtengo edizioan, Zarauzko Udaleko Parekidetasun saileko zinegotzia, Gloria Vazquez, edo berak izendatutako pertsona bat izango da epaimahaiburua. Idazkari lanak, aldiz, saileko arduradunak edo berak izendatutako pertsona batek beteko ditu. Epaimahaia diseinuan, artean edo komunikazioan aditua den profesional batek, udaleko erakusketen arduradunak eta Parekidetasun Kontseiluko ordezkariek osatuko dute.

Hona hemen XI. Kartel Lehiaketako oinarri guztiak ikusgai.