Idoia Garzesek irabazi du Lizardi Saria

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 9a, 16:50

Lasarte-Oriara joan da aurtengoan Lizardi Saria. Epaimahaiaren iritziz, Idoia Garzesen Hari single bat lana izan da aurkeztutako hamahiru lanen artean onena. Aurtengoan, ordea, beste lan bati aipamen berezia eman nahi izan dio epaimahaiak. Hain zuzen ere, Maite Arrutiren Urdina zirudien gela ipuinari.

37. aldiz banatu du Lizardi Saria Zarauzko Udaleko Kultura Sailak. Aurtengoan, Idoia Garzes Lasarte-Oriatarrak irabazi du, Hari single bat lanarekin. Ohi bezala, lan sarituaren 2.500 ale argitaratuko dituzte, herriko ikastetxeetan banatzeko. Horrez gain, 4.000 euro jasoko ditu Garzesek.

Epaimahaia ondorengoek osatu dute: Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Ramon Olasagasti eta Alex Gurrutxaga. Beraien iritziz, "fantasiak eta giro onirikoak blaitua dago istorioa, eta irakurlea zangalatrau ibiliko da errealitatearen eta ametsaren artean. Horrez gain, idazkerari darion erritmoak gozagarri egiten du irakurketa"

Istorioaren nondik-norakoak

36ko Gerraren memoria fantasiaren eskutik dator Hari single bat ipuinean. Arrako izeneko neskatoak mandioan dagoen amonaren kutxa zaharra zabaltzen du egun batean, eta ordutik aurrera historiaren hari matazak agertzen zaizkio. Jakin-minak gidatzen du neskatoa, amonaren irudi urrunaren lilurak eta iragana argitu nahiak. Pixkanaka, elementu errealak eta fantastikoak, gertakari historikoak eta mitologia, denak trabatzen dira Arrako bilatuz eta eraikiz doan istorioan.

Sinbolikoki, irutearen ekintzak gurutzatzen du ipuina (izenburua Ezekiel gaztearen inguruko Itoizen abestitik hartua da), eta historiaren sinbolo ere bihurtzen da: Hari single baten bidez lotuak daude iragana eta oraina, Ariadnarena bealako hari ahul batean trabatuak, eta protagonistek lotura horren inguruan egin beharko dute gogoeta ezinbestean.

36ko Gerraren memoriari heltzen dio ipuinak, ñabardura interesgarri bat baino gehiagorekin. Batetik, erruarena eta isildutako guztiaren arazoa dago. Bestetik, berriz, emakumeen memoriaren aldarrikapena egiten da. Horrela, beraz, memoria moten konplexutasuna azaleratzen du ipuinak.

Aipamen berezia

Aurtengoan, epaimahaiak aipamen berezia eman nahi izan dio Maite Arrutiri, Urdina zirudien gela lanagatik. "Zarauzko historia eta ohiturak jasotzen dituen moduak eta idazkera finak testu oso interesgarria bihurtzen dute".