Ohiko Batzar Nagusia deitu du Pagoeta Mendizale Elkarteak

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 11a, 17:00

Ostegunean egingo dute bilera, Pagoeta Mendizale Elkartearen aretoan. Gai ugari landuko dituzte, esate baterako, 2019. urteko egutegia eta bazkide kuota eta prezioak. Bestalde, junta ere izango dute hizpide.

2018. urtea amaituta, Ohiko Batzar Nagusia egingo dute Pagoeta Mendizale Elkarteko kideek. Urtarrilaren 17an izango da, osteguna, elkartearen aretoan. Bi deialdi egin dituzte; 19:45ean lehena, eta 20:00etan bigarrena. Amaitzean, jatekoa izango da.

Gai ugari landuko dituzte bileran. Juntari buruz ere hitz egingo dutela iragarri dute; izan ere, hiru kide juntan sartzeko prest daudela azaldu dute, baina beste norbait sartzea komeni delakoan daude. "Beraz, animatu eta izena eman", gehitu dute.

Beraz, laburbilduz, honako gai hauek jorratuko dituzte osteguneko Ohiko Batzar Nagusian:

  • 2017ko akta irakurtzea, eta egokia ikusten bada, onartzea.
  • 2018ko jardueren balorazioa.
  • 2018ko diru kontuak.
  • 2019ko bazkide kuota eta prezioak.
  • 2019ko egutegia.
  • 2014-2018ko batzordekideek kargua uztea eta kide berriak onartzea.
  • Eskaerak eta galderak.
  • Arkamurka taldeari buruzko berriak.
  • Gurutxurtu taldeari buruzko berriak.