La Salle Ikastetxean greba egingo dute gaur eta hilaren 25ean

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 16a, 11:50

Kristau Eskoletan lan hitzarmenak negoziatzen ari dira sindikatuak, eta Kristau Eskolen barruan daude La Salle eta Antoniano ikastetxeak. Aurreko astean sindikatuek zortzi eguneko grebara deitu zuten, baina Antonianon erabaki dute ez egitea grebarik, eta La Sallen gaur, asteazkena, eta urtarrilaren 25ean egingo dute.

Kristau Eskoletako langileek eta sindikatuek urteak daramatzate "lan hitzarmen duina" eskatzen eta protestak eta negoziaketak egiten. Joan den astean sindikatuek zortzi eguneko grebara deitu zuten, eta aurreko egunetan batzarrak egin dituzte La Salle eta Antoniano ikastetxeetako langileek.

La Sallen bi egunez

La Sallen atzo, asteartea, egin zuten bilera. Erabaki dute aurreneko eta azkeneko egunetan egitea bat protestekin; hau da, gaur eta hilaren 25ean greba egingo dute.

Hala ere, gutxieneko zerbitzuak bermatuta egongo dira ikastetxean.

Antonianoren ezezkoaren arrazoiak

Antoniano Ikastetxeko langileek, berriz, grebarik ez egitea erabaki dute. HITZAri jakinarazi diotenez, "hitzarmena eguneratzearen aldekoak" dira langileak, baina ez dute grebarik egingo, besteak beste, "zalantzak ditugulako negoziaketa mahaiak daraman bidearekin".