Rugby Taldeak argazki erakusketa antolatu du 40. urteurrenaren harira

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 18a, 10:40

40 urteko ibilbidean bildutako argazkiak aurkeztuko dituzte. Taldearekin zerikusia duten irudi gehiago bildu nahi dituzte, eta parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei.

Zarautz Rugby Taldeak 40 urte beteko ditu aurten. Urteurrena dela eta, argazki erakusketa antolatu dute, lau hamarkadako ibilbidean bildutako argazkiak aurkezteko.

Dena den, argazki gehiago biltzeko asmoa dutela jakinarazi dute, eta beraz, parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Taldearekin zerikusia duten irudiak eskuragarri izanez gero, Zarautz Kirol Elkartean aurkezteko edo e-mail bidez (argazkiak@zarautzrugby.com) bidaltzeko dei egin dute.

Otsailaren 12ra arte ireki dute argazki berriak biltzeko epea, eta antolatzaileek azaldu dutenez, irudietan azaltzen diren pertsonei buruzko informazioa eta azalpenak ere jasoko dituzte. Bestalde, "parte hartzearekin batera, egileak argazkiaren erabilera eskubideak Zarautz Rugby Taldeari ematen dizkio erakusketan erabiltzeko", gehitu dute.