Festa giroan aurkeztu dute txakolinaren uzta berria zarauztarrek ere

Maria Maya Manterola 2019ko urt. 18a, 15:04
Zarauzko zazpi upategi izan ziren atzoko Getariako ekitaldian. (Maria Maya Manterola)

Uzta berriko botilak irekiz ospatu zuten atzo, urtarrilak 17, San Anton eguna Getarian. Euriak ez zuen festa eragotzi, eta giro bikaina izan zen nagusi goiz osoan zehar. Gipuzkoako 33 upategik parte hartu dute Getariako Txakolina jatorri izenaren 2018ko uztan; horien artean, Zarauzko zazpik.

Getariako Txakolina jatorri izenak 2018ko uztako txakolina aurkeztu zuen atzo, San Anton egunez, Getariako frontoian jarritako karpan. Bertan izan ziren Emilio Ostolaza jatorri izenaren elkarteko presidentea, upategietako ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kideak.

Jakitea, Mahasti Jaun

Jakitea elkarteko kideak oholtza gainera igo ziren atzoko ekitaldian. Bertako sukaldaritzaren alde egindako lanagatik jaso zuten San Anton eguneko omenaldia, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanoren eta Emilio Ostolazaren eskutik.

Gure Txeru eta Gazte Alaiak taldeko kideek aurreskua egin zieten, eta ondoren iritsi zen eguneko une garrantzitsuena: uzta berriko botilen irekiera. Getariako Txakolina jatorri izeneko upategietako ordezkariak oholtza gainera igo eta, Jakiteako eta instituzioetako ordezkariekin batera 2018ko uztako txakolinarekin egin zuten topa. Gipuzkoako 33 upategik parte hartu dute Getariako Txakolina jatorri izenaren 2018ko uztan; horien artean, Zarauzko zazpik: Arregi, Basa Lore, Roke Eizagirre, Mokoroa, Rezabal eta Talai Berri.

Euriak ez zuen atzoko festa eragotzi, eta giro bikaina izan zen nagusi goiz osoan zehar. Herriko frontoiaz gain, Harritarten ere zenbait postu jarri zituzten jatorri izeneko upategiek. Bertako produktuekin egindako mokadutxoak ere dastatu zituzten bertaratutakoek, edari preziatuarekin lagunduz. Igandera arte jarraituko du jai giroak Getarian; Musika Bandak sanantonetarako prestatutako kontzertuarekin bukatuko dira San Anton jaiak. Salbatore Deunaren parrokian izango da emanaldia.