Gerra ondoko eguzki izpi

Amagoia Gurrutxaga Uranga/BERRIA 2019ko urt. 18a, 20:00

36ko gerraren ostean Hego Euskal Herrian argitaratu zuten euskarazko lehen liburuaren egilea. Poeta abituduna. Herri garaituaren kantaria. Salbatore Mitxelena. Gaur 100 urte jaio zen. Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak hari buruz idatzi du, BERRIA egunkarian.

Izotz-ondoko eguzki,/ neguaren parre:/ olerkariak noizpait/ iri goratzarre./ Emeki duk itxaroz/ piztu garai-larre:/ udaberri-lamiak/ larreon batzarre». Xabier Lizardik bertsook idatzi zituenean, diktadura ondoko eguzkipean kraskatu berria zen Miguel Primo de Rivera militar espainiarrak gidatutako diktaduraren horma. Aurreko urtean loratua zen Euskaltzaleak kultur elkartea, eta Lizardik maila bat igo zuen euskal poesiaren langa, Lauaxetarekin eta Orixerekin batera. Gazte hil zen Lizardi, baina, 1933an, gaitzak jota. 1937ko uda estreinatu berrian hil zuten frankistek Lauaxeta, Gasteizko hilerriko hormaren kontra, tiroka. Negu luzea, izotz aroa ezarri zuten militarrek atzera. Eta hara non Salbatore Mitxelenak, 1938an, idatzi zuen: «Gorputz dago gudaria/ Urkiolako maldan/ esaidazu artzai horrek/ Lauaxeta ez al dan».

Gaur 100 urte jaio zen Mitxelena. Zarautzen (Gipuzkoa), Lizardi bezala; olerkari, Lizardi bezala. 11 urterekin eraman zuen amak, eskutik helduta, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) frantziskotarren santutegira. Hiru urte egin zituen han ikasten, eta beste bi Foruan (Bizkaia). Azken ikastegi horretan hasi ei zen olerkiak idazten.

1935ean jantzi zuen frantziskotarren abitua, eta 1943an abadetu zen. Tarte horretan, 36ko gerrak harrapatu zuen, Erriberrin (Nafarroa) ikasle zegoela. 17 urte zituen artean, Francoren aldeko tropekin gerra egitera eraman zutenean. Ia hiru urte egin zituen fronterik fronte. Orduko ibilerek betiko markatu zuten. Gerra ondoko izozteak, zeresanik ez. «Iltzen doakigu Aberria. Euskalerrik gaurdaño zerakuzkian enderritasunak mara-mara urritzen doazkigu, maxkaltzen, aitzen. [...] Orixe dezu, bada, nere olerki eresia: Aberri ilzoriak daridan miña», idatzi zuen Erriberrin. Lizardiren poemako izotz ondoko eguzki izpi bilakatzear zen Mitxelena poeta.

Ez alferrik, gerra ostean Hego Euskal Herrian argitaratu zen euskarazko lehen lan literarioak Mitxelena du egile: Arantzazu euskal poema (1949). Segidan etorri ziren Ama-semeak Arantzazuko kondairan (1951), Ogei kanta Arantzazuko (1952), Arraun ta amets (1955), Bizi nai (1955) eta Unamuno ta Abendats (1955) lanak. Azken hori saiakera gisa argitaratu bazuen ere, Juan San Martinen arabera, lehen bertsioa bertsotan idatzi zuen. Jokin Zaitegiren eskutik ezagutu ei zuen San Martinek bertsozko bertsio hura, Unamuno ta gu izenez: «Bertso librez, gure artean lehenengoetako poema bat zen». Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k 1966an zioenez, Mitxelenaren hura litzateke «gailen» ordura arteko euskal saiakeren artean: «Liburu gutxi dago euskeraz Unamuno ta Abendats deritzana baino irakurgarriagorik».

Erreportajea osorik irakurgai, berria.eus atarian.