Esfortzua, zuri-beltzean izoztua

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urt. 22a, 17:44
Joseba Ostolaza harri jasotzailea. (Juan Antonio Palacios)

Juan Antonio Palacios argazkilari eibartarraren Harria erakusketa ikusgai dago egunotan Photomuseumen. Argazkiez gain, liburua ere atera du, Juan Manuel Uriarekin elkarlanean.

Herri Kiroletan aritzen zirenei argazkiak atera ohi zizkien Juan Antonio Palaciosek, batez ere, Eibarko sanisidroetan. Duela pare bat urte horrekin zerbait egin behar zuenaren harra sartu zitzaion, eta apurka-apurka, proiektuari forma ematen joan da. "Hasieran zerbait orokorragoa egin nahi nuen, baina ohartu nintzen harri jasotzaileek bazutela nahiko mami beraien inguruko lan monografiko bat osatzeko". Horren emaitza ikusgai dago Photomuseumen otsailaren 10a arte, eta otsailaren 1ean, ostirala, proiektuari buruzko mahai ingurua izango da.

Harri jasotzaileekin lanean hasi zenean, bere lanak izan beharreko hiru ardatz ezarri zituen Palaciosek: aurretik egin gabekoa izan behar zuen, argazki handiekin eta zuri-beltzean. "Ideia izan bezain pronto hasi nintzen interneten begiratzen, eta ohartu nintzen gaurdaino ez dela halako ezer egin". Herri kirol probetako argazki asko topatu zituen eibartarrak, baina berak zerbait "estetikoagoa" nahi zuen egin. Horretarako, probalekuetan argazkiak ateratzen ahalegindu zen hasieran, baina emaitzarekin gustura ez, eta harri jasotzaileek entrenatzen duten lekuetan «estudio inprobisatuak» egin zituen.

45 argazki daude guztira ikusgai erakusketan. Haietako hainbat oso handiak dira; metro bateko zabalera eta metro eta erdiko altuera daukate. "Aurrean jarrita, harri jasotzailearekin hitz egin dezakezula dirudi". Argazki handi gehiago txertatu nahi zituela ere azaldu du Palaciosek, baina diru kontuengatik ezinezkoa izan dela. Azkenik, txuri-beltzak lanari ematen dion indarra nabarmendu du. "Distrakziorik egon ez zedin nahi nuen; soilik harria eta harri jasotzailea izateko aurrean".


Liburua ere bidean

Harria izena jarri dio eibartarrak erakusketari, eta izen bera dauka Errenteriako Juan Manuel Uriarekin elkarlanean autoeditatu duen liburuak. Harri jasotzaileen 100 argazkik eta argazkiei laguntzen dieten Uriaren poemek osatzen dute liburua. Palaciosek azaldu duenez, Photomuseumen aurkeztea zen asmoa, baina inprentarekin izan dituzten arazo batzuk tarteko, otsailaren erdialdean prest izatea espero dute.