Erakusketa bakarrean 40 urte

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 24a, 20:00

Zarautz Rugby Taldeak urteurrenaren harira argazki erakusketa egingo du, eta materiala biltzen ari da.  Herritarrei eskatu diete etxean dituzten argazkiak uzteko.

Zarautz Kirol Elkarteko beste hainbat sail bezala, urteurrenean murgilduta dago Zarautz Rugby Taldea ere. Berrogei urte bete ditu aurten, eta kirol egitarauaz gain, baditu esku artean zenbait egitasmo urteurrena ospatzeko. Esaterako, argazki erakusketa bat prestatzen hasiak dira, eta herritarrak deitu dituzte erakusketan parte hartzera eta etxean dituzten argazkiak antolatzaileei uztera. Hain zuzen, jakinarazi dute klubak izango duela irudi horien erabilera eskubidea, aipatutako erakusketan erabili ahal izateko. Erakusketa merkatu plazako bigarren solairuan jarriko dute ikusgai, apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean.

Herritarrek otsailaren 12ra arte dute irudiak bidaltzeko aukera, eta bi bide eskaini dituzte horretarako: korreo elektronikoz (argazkiak@zarautzrugby.com) edo Zarautz Kirol Elkartearen egoitzara bertaratuta.
Etxeetan ez ezik, Sanz Eneako argazki artxiboan ere errugbiko dozenaka irudi dituzte gordeak.

Zarautz Rugby-ko zuzendaritzako kideek badute izoztutako momentu berezi bat buruan: Duela urte batzuk BUC Bartzelonako taldearen aurka Ohorezko B mailara igotzeko txartela lortu zutenekoa. "Ilusio eta grinez jokatutako partida aurrera ateratzea lortu genuen. Partidua amaitu ostean argazki bat atera genuen, harro lortutakoarekin, ikurriña astinduz".