Joxe Garate: "Gazteek ostalaritzan ez dute lanik egin nahi"

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 25a, 08:30
(Amaia Urbieta Arruti)

Zurekin Ostalarien Elkarteak ostalaritzarekin lotutako norbait omentzen du urtero Sagardo Egunez. Aurtengoan, Joxe Garate eta Marian Zumetarena izango da ohorea.

40 urte eman ditu ostalaritzan Joxe Garatek (1953, Zarautz). Urte horietan zehar, Zubi-ondo jatetxea, Bea-zay, Arrano eta Surtidor tabernez arduratu da, bere emazte Marian Zumetarekin batera. Igande honetan, Sagardo Egunean, Zurekin Ostalarien Elkarteak omendu egingo ditu biak.

Nolakoak izan ziren hastapenak?
San Pelaiotik Irunera joan nintzen gaztetan, eta han mekaniko lanetan ari nintzela, lagun batek deitu zidan Bea-zay hartzeko proposamenarekin; 24 urte nituen orduan. Zorakeria bat iruditu zitzaidan, baina baietz esan nuen.

Hasiera gogorra izan zen, normala den bezala. Gogoratzen naiz kafe katiluak dardarka ateratzen nizkiela bezeroei. Gero, pixkanaka ohitu nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Nire bazkideak ez zuen jarraitu ostalaritzan eta nik bai. Bea-zay 1978an hartu nuen, 1979an ezkondu nintzen eta jubilatu arte Marianek eta biok eraman ditugu taberna desberdinak.


Zergatik gustatzen zitzaizun hainbeste?
Ez nago ziur, jendearekin harreman hori oso kuttuna nuen. Tratu txarrak pasatzen dituzu, baina onak ere asko. Mota guztietako jendea ezagutu nuen, sukaldean aritzea ere gustatzen zitzaidan... Ni ondo sentitzen nintzen. Probatu nuen mekaniko izatea zer zen eta ostalari izatea zer zen, eta bigarrena gehiago gustatu zitzaidala garbi neukan.

Horrez gain, zeure buruarentzat egiten duzu lana, eta hori gauza ederra da. Sanpelaiotarra izanik, gainera, oso eroso sentitu izan naiz beti inguru honetan.


Geroz eta gehiago entzuten da gazteek ez dutela ostalaritzan lanik egin nahi, baldintzak oso txarrak direlako.
Zubi-Ondon lanean nengoenean, Aste Santuak iristerako 20 edo 30 gazte etortzen zitzaizkidan udan lan egiteko asmoarekin. Ikasleak ziren gehienak, neguan dirua izateko udan lan egiteko prest zeudenak. Esperientziarik ez zeukaten, baina lanerako gogoa eta ardura apur bat izanda ez zegoen arazorik nire aldetik.

Duela bi urte, berriz, Surtidorean nengoenean, zerbitzari bat behar nuen lanerako eta INEM-era, Udal Elkartera eta beste hainbat lekutara jo nuen bilatzeko. Esan zidaten jendea ez zegoela prest tabernan lan egiteko. Asko harritu ninduen horrek. Ia 4 milioi langabetu izanik, inork ez du lanik egin nahi?
Gainera, gaur egun ostalaritzan ez dira lehen bezainbeste ordu sartu behar izaten. Gure etxean, behintzat, zortzi ordu sartu izan dituzte langileek. Ez dut ulertzen jendeak lanik egin nahi ez izatea.
Nik uste dut gazteek ez daukatela lehen bezainbesteko beharrik. Gurasoei dirua eskatzen diete eta kitto. Gure garaian ez zegoen halakorik. Zerbait nahi bazenuen, zure kontura aurkitu behar zenuen. Orain, sakrifizioaren zentzu hori ez dago errotuta, dena eman diegulako gazteei.


Hainbeste urte ostalaritzan arituta, turismoaren bilakaera zeure begiekin ikusiko zenuen.
Bai. Zarautzen beti izan da diru-iturri turismoa, baina hori ere gehitzen joan da apurka. Lehen, San Pelaiotik herrira doazen kaleak kanpoko jendearen txaletez josita zeuden, eta Zarauzko familia askoren lana zen etxe horiek zaintzea neguan.

Selektiboagoa zen orduan turismoa. Orain, egun gutxiagotarako etortzen da jendea, baina askoz bisitari gehiago daude, mota guztietakoak. Hori ona da ostalaritzarentzat; zenbat eta jende gehiago, hobeto. Gustatu edo ez gustatu, zarauztarren zati handi bat turismotik bizi da.


Turismoaz aparte, zarauztarren tabernarako ohiturak aldatu al dira?
Lehen, udan, Alde Zaharreko tabernetan izaten zen mugimendua, turistekin. Neguan, berriz, San Pelaion eta Azken Portun askoz gehiago ibiltzen zen. Lanera joan baino lehenago eta ondoren kafe konpletoa hartzera eta txikiteora joaten zen jendea.

Tabernetan kontsumitzeko modua ere asko aldatu da, gaur egun jendea tabernaz taberna ibiltzen da; lehen, jakineko tabernan ardo botila bat atera eta mahai inguruan elkartzen zen jendea.


Nola ikusten duzu Zarautzen ostalaritzaren etorkizuna?
Ostalaritza orokorrean ondo ikusten dut. Ziur beste krisi batzuk igaro beharko ditugula, baina Zarautz, eta orokorrean Euskal Herria, goraka doaz ekonomikoki. Leku pribilegiatu batean bizi gara, eta ez dakit ohartzen garen horretaz. Gai baldin bagara dauzkagun baliabide aberatsei eusteko, zalantzarik ez daukat guztiak hobera egingo duela.

Gastronomian munduko txapeldunak gara. Euskal Herrian adina Michelin izar ez dago beste inon, eta horrek jende asko erakartzen du hona. Daukagun parajea ere paregabea da, eta urtez urte ikusten goaz turista gehiago datozela hona.

Lehen aipatutako ostalaritzako langile faltarena arazoa da, ordea, eta horrek kezkatzen nau. Horrek eragingo du geroz eta profesional gutxiago egotea ostalaritzan, eta epe luzera,
ondorio kaltegarriak izan ditzake.