'Basotik itsasora' errefuxiatuei buruzko dokumentalean parte hartu du Hotz Zarautzek

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 25a, 11:28

Larart sormenaren, artearen eta kulturaren bidez "errefuxiatuei lekua ematen dien proiektua" da. Nazioarteko plataforma honek errefuxiatuek "behar den bezala bizitzeko leku bat izatea" eta "errefuxiatuen arazo global handiari" aurre egitea du helburu. Horretarako, "gogoeta globala zabaltzea", "mugaz gaindiko elkarlana sortzea" eta "elkartasunaren ideia suspertzea" bilatzen dute, besteak beste.

Honek guztiak adierazten duen "gizarte aldaketa" artearen eta kulturaren bidez eman daitekeela iritzita, diziplina artistiko anitzak jarri ditu martxan. Zeharka, "Kultura eta Sormen Industrien bidez gizarte eraldaketa posible dela" eta eremu kultural eta artistikoak "arazoei aurre egiteko duten balioa" erakutsi nahi du Larart proiektuak.

Gurseko kanpalekua

Gurseko La Retirada kanpalekuaren 80. urteurrena izango da aurten. Zuberoako mugan eraiki zuten 1939an, Espainiako Bigarren Errepublika erortzean, "faxismoaren kontra borrokatu zuten" errepublikarrak eta nazioarteko brigadistak hartzeko.

Larart proiektuko kideen arabera, "Gurseko bizi egoera lazgarria izanagatik ere, kulturak eta arteak kontzentrazio esparruan lekua hartu zuten". "Barrakak kultura eta arte areto bilakatu ziren [...] Gursen gertatu bezala, arteak bere tartea hartzen du Mediterraneoa zeharkatzen duten errefuxiatuen artean".

Lanketa artistikoak eta sormenak "errefuxiatuen bizitzan zer aportatu dezakeen" bilatu nahi du proiektuak, eta baita artistek "egoera latzen aurrean" hartu dezaketen jarreraren eta paperaren inguruko hausnarketari bide ematea ere. "Nola izan daitezke artea eta sorkuntza salaketarako eta hausnarketarako tresna?".

Basotik itsasora dokumentala

Larart "proiektu poliedrikoa" izanik, diziplina artistiko anitzak jarri dituzte abian: Basoa ekoizpen koreografikoa, Gigantografien erakusketa, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin mediazio prozesua eta Basotik itsasora dokumentala.

"Errefuxiatuek bizi izan zuten eta egun bizi duten egoera" landu dute dokumentalaren bidez, eta egileen arabera, "bide bat da memoriak eta errealitateak bat egiteko". Izan ere, "ezin dugu ahaztu, orain dela urte gutxi, gure aiton-amonek antzeko bidaiak egin behar izan zituztela, erbestera, gerra zibila bukatu eta gero. Orain gu geu gara anfitrioiak, baina ze baldintzatan?".

Ikus-entzunezko ekoizpenak "Gursetik Mediterraneora darama ikuslea". Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Dantzaz Nazioarteko Sorkuntza Koreografikorako Zentroak eta Txikota Komunikazioak ekoiztu dute, elkarlanean, eta Beñat Gereka getariarrak hartu ditu zuzendaritza-lanak.

Besteak beste, Siriako pertsona errefuxiatu batek bere bizipenak kontatuko ditu dokumentalean; "bere bizitza, Siriako egoera eta hona iristeko bidaia eta odisea" azalduko ditu. Hondarribian bizi da gaur egun.

Apirilaren 5ean estreinatzea aurreikusi dute, Gurseko kanpalekuan, 80. urteurrena dela eta. Hurrengo egunean, apirilaren 6an, Bilbon emango dute, Loraldia jaialdian.