Egoitza inauguratu du Irabazi Zarautzek

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 27a, 17:15

Egoitza berria izango du gaurtik aurrera Urdaneta kalean Irabazi Zarautz koalizioak. Printzipioz, maiatzera arte egongo da zabalik eta, Ana de Benito zinegotziak azaldu duenez, "herritarrei harrera egiteko" erabiliko dute, besteak beste.

Zarauzko Udalean zinegotzi kargua duen Ana de Benitok hitz batzuk esan ditu inaugurazioaren unean. Irabazi Zarautz "pertsona independenteek, ezkerreko talde alternatiboek, feministek zein ekologistek eta hainbat kolektibo sozial et akulturaletan parte hartzen duten pertsonek" osatzen dutela azaldu du, eta duela lau urte elkartu zirela "politikan parte hartzeko esparru berri bat eraikitzeko asmoz".

Lau urte geroago, "konfiantza izaten" jarraitzen dutela baieztatu du. "Proiektu honek, alde batetik, herritarrei protagonismoa izateko aukera ematen die eta, bestetik, gaur egungo gobernuari erantzun zuzena ematen dio".

Inauguratu berri duten egoitzak "herritarrengana heltzeko aukera polita" emango diela uste du Ana de Benitok, eta printzipioz, maiatzera arte izango dute zabalik. "Aurrerago jakinaraziko dugu egutegia, baina zarauztarrei harrera egingo diegu astean pare bat alditan, inauguratu berri dugun egoitzan".

Besteak beste, inaugurazioan izan dira Iñigo Martinez Eusko Legebiltzarreko kidea eta Isabel Salud, Espainiako kongresuko diputatua, Podemos alderdiarekin.