Juanjo Alvarez: "Modu zibilizatu batean ordenatu ezin den dibortzioa da Brexit-a"

Onintza Lete Arrieta 2019ko urt. 29a, 08:30

Gaur 19:30ean hitzaldia emango du Zarautzen Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbide pribatuko katedradunak; herritarrei hainbat gako emango dizkie Europaren egoera zaila ulertzeko. ZarautzOn elkarteak antolatu du hitzaldia.

Zer gertatuko da martxoaren 29tik aurrera, Brexit-a indarrean sartzen bada ez delako akordiorik lortu Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren artean? Nola eragingo die hara esportatzen duten euskal enpresei? Eta arrantzaleei? Erresuma Batuaren indarguneetako bat da finantza arloa, eta han egoitza duten enpresa eta banku atzerritarrei esker lortzen duten dirua. Europako Batasunetik ateratzen den unean, ordea, enpresa atzerritar horiek ere ez dira egongo Europako Batasunean, edo ez dira egongo Erresuma Batuan. Esaterako, badaudelako enpresa alemaniarrak, lana Alemanian baina egoitza Erresuma Batuan dutenak, hainbat onura eta malgutasun dutelako han.

Gai horiei eta beste hainbati helduko diete gaur 19:30ean Antoniano aretoan, ZarautzOn elkarteak Brexit-az antolatu duen hitzaldian. Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964) Zarauzko bizilagunak emango ditu azalpenak. Nazioarteko zuzenbide pribatuan katedraduna da, eta gertutik ari da bizitzen gaia. Otsailaren 13an, esaterako, moderatzaile lanak egingo ditu Brexit-ari buruzko mintegi batean. Bilboko kontsul britainiarrak eta 300 euskal enpresak hartuko dute parte han. Agenda estuan tarte bat egin, eta pasa den astean HITZAri Madrildik laburbildu dizkio gaiari buruzko gako batzuk.


Hiru aukera

Britainiarrek 2016an erabaki zuten erreferendum bidez EB Europako Batasunetik irtetea. Urtebetez negoziatu dute Europak eta Erresuma Batuak, baina parlamentu ingelesak atzera bota du Theresa May lehen ministroak eta Batasunak lortutako akordioa. Akordio horren arabera, urte eta erdiko trantsizio epea legoke, 2021eko urtarrilaren 1era arte. "Erresuma Batuak ezingo luke ezer erabaki eta negoziatu, eta lege guztiak bete beharko lituzke. Trukean, merkatu librean jarraituko luke tarte horretan". Alvarezek azaldu du Europak ez duela akordio horretan ezer aldatuko, "bestela deseginda geldituko delako Europa".
    
Akordiorik ezean, berriz, martxoaren 29tik aurrera Europako Batasuneko kide izateari utziko dio Erresuma Batuak, "eta hori erabateko kaosa izango da enpresentzat", denborarik ez dagoelako beste bide batzuk martxan jartzeko. "Nola egingo ditugu gauzak apirilaren 1etik aurrera?". Merkatuek konponbideak aurkitu nahi izan arren, "konplexutasun tekniko handiko auzia da", eta gogoratu du, merkatuek "ez dute banderarik, eta ihes egiten diete intseguritate juridikoari eta zalantzei".
 
Hirugarren aukera da erreferenduma egitea berriz, baina zail ikusten du hori gertatzea Alvarezek. "Jakitun badira nolako kaltea den hau britainiarrentzat, eta ez badute atzera egin nahi, galdetu herritarrei orain esku artean informazio gehiago dagoelako eta datu zehatzak daudelako. Ez da lehen gaizki bozkatu zutela; ezjakintasunarekin bozkatu zuten erabaki bat sekulako garrantzia eta eragina duena". Ez litzateke aurreneko herrialdea izango berriz bozkatzen: "Norbegiak bi aldiz bozkatu du Europan gelditzen den ala ez erabakitzeko".

Gaur bertan aurkeztuko du B plana May-k parlamentu britainiarrean. "Ez daukagu edukiaren berri, baina dakiguna da barne kontu bat izango dela batik bat, Ipar Irlandaz eta horren bueltan sortu den nahaspilaz".


Kaltetuenak beraiek

Kontuak kontu, Brexit-a indarrean sartzen den unean, bertan behera geldituko dira Erresuma Batuak dituen hainbat onura. Baina, bereziki, "zirkulazio askea galtzen du, eta hori da gakoa".  

Hori guztia azaltzeko, Alvarezek datu zehatzak eman ditu: "Europako Batasuneko laugarren ekonomia handiena da Erresuma Batua. Europari diru gehien ematen dion hirugarren estatua da, baina joan-etorrian, gehien irabazten duena bera da BPG-n [Barne Produktu Gordina] Europarekin transakzioan. Irabazten du barne merkatu libreagatik: bereziki zerbitzuen, merkantzien eta kapitalen zirkulazio librearengatik. Erresuma Batuak lortu du sozietate merkantil askok beren egoitza han kokatzea, konpetitiboa delako haientzat. Han daude espainiarrak, alemaniarrak, italiarrak...".

Adibide oso zehatzak eman ditu Alvarezek. Esaterako, "sarean egiten diren apustu eta joko enpresen ia %80a Gibraltarren daude Erresuma Batuaren eskutik. Irabazien %5a tributatzen dute, eta urtean 86.000 milioi euroko irabaziak dituzte".

Beste adibide bat: Londresen   bakarrik 200dik gora banku atzerritar daude, 80.000 langilerekin eta negozio zifra izugarria dutenak. "Zergatik? Bada, onura mordoa lortzen dutelako eta lurzoru ingelesean egoteak Europako Batasunean egotea esan nahi duelako. Zarauzko Kale Nagusian sukurtsal bat ireki dezake inolako baldintzarik bete gabe banku errusiar batek, esaterako. Brexit-arekin, Erresuma Batuan gelditzen diren bankuek galdu egingo dute Europako pasaportea, eta Zarautzen egoteko Europako Banku Zentralak eskatutako tramite konplikatu guztiak burutu beharko dituzte".


Ingelesek nahi dutena

Britainiarrek ezinezkoa den zerbait nahi dute: "Europako Batasunetik irten, baina bertan egoteak dituen onura guztiak mantenduta".

Europaren erantzuna da hori nahi badute, Norbegiaren bidea hor dagoela. "Europa da, baina ez Europako Batasuna. Ez du negoziatzen lege europar bakar bat ere, baina onartzen ditu guzti-guztiak. Trukean, enpresa norbegiarrek libreki jardun dezakete Batasunean, eta baita enpresa europarrek ere Norbegian". 2021a arte hori eskaini dio EBk Erresuma Batuari. "Ez dute halakorik nahi britainiarrek. Pentsatzen dute: askatasun gehiago nahi dugula esan, eta gainera gutxiago eskaintzen duzue? Baina Brexit-a da modu zibilizatuan ordenatu ezin den dibortzio bat. Halako lotura egon da 1973tik hona, ezinezkoa baita reseteatzea eta atzera egitea".

Alvarezek argi du independenteak izatea "kimera" bat dela, "ideia populista bat", eta jendea kontziente dela denok galtzen dugula, baina, batik bat, britainiarrek.

Bestetik, gogorarazi du Erresuma Batuan sortu zela neoliberalismoa. "Beti saihestu nahi izan dituzte Europak ezartzen dituen babes sozialeko normatibak", eta uste dute Brexitarekin askatasuna izango dutela hor. "Saldu duten ideia populista izan da enplegua britainiarrentzat izango dela, baina 2004an Polonia Europako Batasunean sartu zenean, gustura hartu zituzten 800.000 poloniar portuetan lan egiteko; lan ikaragarri gogorra egiteko". Eta jarraitu du zerrendatzen Alvarezek zenbat atzerritarrek egiten duten lan osasungintzan, ostalaritzan eta unibertsitateetan.


Bigarren erreferenduma

Alvarezentzat "ikuspuntu demokratikotik arrazoizkoena" litzateke beste erreferendum bat egitea. "Batetik, Brexit-ak belaunaldien arteko justizia arazo bat planteatzen du. Bozkatu dutenek hainbat belaunalditakoen bizitza baldintzatuko dute, irtenez gero, oso zaila izango baita berriz sartzea. Eta horrek eskatzen du hausnarketa maila handiagoa".

Gainera, "erreferendum haren oinarria beste bat zen". David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren "ahultasuna" izan zuen oinarri. "Cameronek konpromisoa hartu zuen jendeari galdetzeko ea nahi zuten jarraitu Europan, eta bera jarraitzearen alde zegoen, hala bentaja gehiago lortuko zituztelakoan. Baina ideia bere kontra etorri zitzaion. Izan ere, erreferendum haren zentzua ia-ia plebiszitarioa izan zen eta jende askok eman zuen botoa bihotzarekin eta ez buruarekin. Jendeak gorroto zuen David Cameron ikuspuntu politikotik, eta kontserbatzaileek ere paretik kendu nahi zuten, barne mailako kontu bat ere izan zen", eta hori islatu zen emaitzan.

Ikuspuntu politologiko batetik, Alvarezentzat "gai hau konpontzeko modu bakarra da esatea: begira, gaur ezagutzen ditugu akordioaren baldintzak, eta Parlamentu britainiarrak akordioaren aurka egin du izugarrizko gehiengoz, uste dutelako Erresuma Batuari kalte egiten diola. Beraz, galde diezaiogun berriz herriari".

Dena den, Alvarezek oso zail ikusten du bigarren erreferendum hori egitea. "Eskoziako alderdi abertzalea bakarrik agertu da horren alde. Politikari britainiarren artean iritzia da herriak jada hitz egin duela eta aurrera jarraitu beharra dagoela".


Euskal enpresei kaltea

EB osoa kaltetuko du Brexit-ak, baita euskal enpresak ere, "garrantzitsua delako Erresuma Batura esportatzen duten euskal enpresen kopurua. Hornikuntza kateetan lan egiten dutenen kasuan, esaterako, Zarautzen edo Azkoitian hasitako lana agian Frantzian amaituko dute, baina aurrena Poloniatik eta Erresuma Batutik pasata. Merkatu bakarra denez, ez dago ez arazo burokratikorik, ez arantzelik". Hori guztia "errotik" aldatuko da Brexit-arekin. "Erresuma Batutik igarotzen den orok edo handik datorren orok muga izango du, aduana izango du, fiskalitate desberdina". Laburbilduz, kostuak handitu eta lehiakortasuna galduko dela ziurtatu du Alvarezek.  

Egoera horri aurre egiteko enpresak pausoak eta mugimenduak egiten ari direla azaldu du Alvarezek, eta harremanetan daudela britainiarrekin. "Arlo teknikoa ari dira lantzen, eta harreman zuzena dago Londresekin eta enbaxadarekin".

Arrantzak ere lotura handia du Erresuma Batuarekin, baina sektore horretan konponbidea errazagoa izango dela uste du zumaiarrak; bi aldeen akordio baten bidez lortzeko modukoa iruditzen zaio.