Aurten ere santaeskean aterako dira herriko abeslariak

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 29a, 18:00

Heltzear da otsailaren 4a, eta harekin batera, Santa Ageda Bezpera egunez kopla kantari jarduteko usadioa. Ohitura zaharrei eutsiz, Zarautz Abesbatzako kideak kaleetan zehar kantari ariko dira datorren astelehenean. Igandean, Motxian bertso eskolak ibiliko dira baserriz baserri.

Ohitura zaharrei berrikuntza erantsi diete aurtengoan, eta lehen aldiz, 18:00etan, Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak Txinpirin eta Zarautz-Txiki abesbatzekin batera aterako dira kalera, kantura. Haiekin batera izango dira Aner Peritz eta Uxue Alkorta bertsolariak. Musika Plazan hasi eta amaituko dute ibilbidea.

19:30ean, berriz, helduen txanda izango da. Zarautz Abesbatza Nahiko Larri trikiti taldearekin batera arituko da kalez kale kantuan 21:00 ingurura arte. Hauek ere Bertsolariz lagunduta ariko dira.

Igandean, baserriz baserri

Otsailaren 3an, igandea, Motxian bertso eskolakoak ibiliko dira goiz partean baserriz baserri kopla kantari. Zarauzko, Aiako eta Getariako hainbat txokotara joango dira, eta ondoren Meagan egingo dute bazkaria.