Itxasmendiko bizilagunek kezka azaldu dute hezeguneko lanengatik

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 3a, 09:00
Irita hezegunean egingo dituzte lanak. (Eraztun Berde Urdina)

Datorren asteartean bilduko dira URA agentziako Ernesto Martinez de Cabredorekin eta Zarauzko zinegotzi batekin, eta Itxasmendiko auzo elkarteak batzarrera bertaratzeko dei egin die bizilagunei: "gure iritzia eman ahal izateko azkenengo aukera da".

Laster hasiko dituzte Itxasmendi auzoan Iñurritza ibaiertzeko obrak, eta aurreikuspenen arabera, gutxienez zortzi hilabeteko epean burutuko dituzte. Ingurumen zaharberritze lanak egingo dituzte ibaiertzeko 258 metroko zati batean, "Irita hezegunea berreskuratzeko". Asmoa 258 metroko horma bat botatzea da, ura paduretara jario dadin. Eraitsi nahi duten horma zatia suhiltzaileen parke-etxearen aurrean dagoen egurrezko zubian hasi eta errepidearen azpitik pasatzen den zubian amaitzen da, gasolindegiaren parean. Modu horretan, hezegune zabal bat sortu nahi dute, eta pasealekuak ere eraikiko dituzte.

Itxasmendiko auzo elkartearen arabera, horrek "lur eta harri asko mugitu behar izatea" ekarriko du, "makineria astunarekin" gainera, "hala nola, kamioiak, hondeamakinak eta abar".

Bizilagunen kezkak

Auzoan sartzeko eta irteteko bide bakarra dagoenez, lanek "auzorako sarbidean eragina" izan dezaketela uste dute bizilagunek. Gainera, ibilgailuen zirkulaziorako norabide bakarra dagoela ere gogorarazi dute. Beraz, ibaiertzeko lanak egiteko, "sarbide alternatibo bat" bilatzeko ikerketa bat eskatu dute bizilagunek, auzoan "inbasioa" ekiditeko.

Zenbait galdera planteatu dituzte auzo elkartetik, kezka moduan: "Nork bermatuko digu sotoetan ez dela isurtzerik izango? Lanek auzoari kalteren bat eraginez gero, nork hartuko du ardura bere gain? Paduretako landare inbaditzaileak eta hezeguneko zaborra garbituko dutela bermatuko al digute? Hezegunea sendotzen denean, orain bezain osasungaitza izango da?".

Bilera irekia

Gauzak honela, Itxasmendiko bizilagunak URA agentziako Ernesto Martinez de Cabredorekin eta Zarauzko zinegotzi batekin bilduko dira otsailaren 5ean, asteartea. 19:00etan izango da batzarra, auzo elkartearen lokalean. Ingurumen zaharberritze lanak nola egingo dituzten azalduko du Martinez de Cabredok, planoen bidez.

Bilerara bertaratzeko dei egin die bizilagunei Itxasmendiko auzo elkarteak: "gure iritzia eman ahal izateko azkenengo aukera da".