Felisa Eizagirre, indartsu ehun eta bost urterekin

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 11a, 18:01
Adinekoen egoitzara bisitan egunero joaten zaio MaƱel. (Onintza Lete Arrieta)

Hogeita hiru urte zituela utzi zuen Zarautz Gurmendi baserriko alabak, Irunera joateko. 1937. urtea zen, eta ordutik han bizi da. Zarautz buruan du oraindik, eta hango familia izan du bisitan urtebetetzean.

"Zer egingo dudan bihar, nire urtebetetze egunean? Ezer berezirik ez. Inoiz ez dut ospatu modu berezian". Hala zioen ostiralean Felisa Eizagirrek. Ingurukoentzat, baina, ez da egun arrunta otsailaren 9a. Izan ere, 105 urte bete zituen zarauztarrak.

Ilea urdinduta, gurpildun aulkian, pasabidearen beste aldetik dakarten bitartean ez dirudi horrenbeste urte izan behar dituenik. "Buruz argi dago, eta ez du botikarik hartzen. Ordu asko eserita egoten delako ematen diote minarentzat zerbait, baina besterik ez. Gripearen aurkako txertorik ere ez du nahi izaten!", kontatu du Eizagirreren seme gazteenak. Irundarra da Mañel Amantegi, eta han bizi du ama ere. "1937an etorri zen Irunera, gerra betean, hemen bi ahizpa bizi baitzituen. Haiei laguntzera etorri zen". 23 urte bazituen ordurako Eizagirrek. Eta ordutik han bizi da, Anaka auzoko Agerre baserrira ezkondu baitzen.

Kazetariak semeari, eta semeak amari helarazten dizkio galderak. "Urtetako Gurmendi baserrian jaio nintzen, eta auzoan bertan ikasi genuen eskolan, euskaraz. Gero Kale Nagusira joan nintzen, neskame", gogoratu du. Semeak kontatu du ama-eta baserritik oinez jaisten zirela herrira, dantzara. Baina amak ez dio jarraitu hari horri. "Nahi ez duena ez du entzuten", esan du Amantegik irrifartsu. Maitasunez eta miresmenez begiratzen dio amari.


Herrira urtero bueltan

"Zarauzko istorio asko kontatu izan digu beti amak. Esaterako, Victoria Eugenia erreginari laguntzen ziotela herriko bainulari batzuek itsasoan bainua hartzen, eta olatuak zeudenean esaten ziotela: erregina, agacha la cabesa que viene olato".

Eizagirre zortzi senidetan bosgarrena da, eta urtero bizpahirutan egiten zuen buelta herrira semeak hartuta. "Ordubietako Topoa hartzen genuen, Zarautzen erdiguneko familiakoei bisita egin, oinez igo Urtetara, eta sei t’erdietan berriz buelta etxera".


Joan den larunbatean, ordea, zarauztarrak izan ziren bisitan Irunen, izekok mundu honetan 105. urtea pasa duela ospatzeko. "Felisa bezala egoteaz, neuk ere oraintxe sinatuko nuke!", zioen ostiralean Felisa Eizagirre bizi den egoitzako langile batek.