Aritz Aranburu surflaria, Foru Aldundiaren #geure kanpainako 'influencer'-en artean

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 14a, 10:00

Genero berdintasunaren inguruko kanpaina berri bat jarri du martxan Foru Aldundiak: #geure. Zortzi "influencer-ek" berdintasunarekin zerikusia duten galderak idatziko dituzte Instagrameko beren kontuetatik, eta kanpainaren helburua da 14 eta 18 urte bitarteko gazteek elkarrizketetan parte hartzea. Galderak idatziko dituztenen artean dago Aritz Aranburu surflari zarauztarra.

Egitasmoa martxan jartzeko, bi astez egongo da komentarioak idazteko aukera, influencer-en galderei erantzunez, #geure traola erabilita. Ondoren, komentarioak prozesatu, ondorioak atera eta herritarrekin partekatuko ditu Foru Aldundiak.

Ekimenean parte hartzen dutenen artean ekitaldi baterako 200 sarrera bikoitz zozkatuko dituzte. Irabazleek influencer taldearekin egoteko aukera izango dute, martxoaren 9an, Kursaalen. Zortzi iruzkinik interesgarrienek, berriz, eszenatokiaren atzealdean egoteko aukera izango dute, ekimeneko protagonistekin.

Denis Itxaso diputatuak adierazi du beraien asmoa dela "jakitea gazteen iritzia zenbait gairen inguruan".

Aritz Aranburuz gain, Asier Illarramendi futbolaria, Izaro Andres kantaria, Twin Melodiy abeslariak, Nerea Alias aurkezlea, Miren Arrieta aktorea eta Oihan Vega DJ-a izango dira influencer-ak.