Otsailaren 23tik aurrera itsas zeharkaldian izena emateko aukera egongo da

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 16a, 10:00

Zarautz Balea Igeriketa Kirol Elkarteak 49. aldiz antolatuko du Itsas Zeharkaldia. Aurtengoan, Getaria-Zarautz probaz gain, Zarautz-Getaria-Zarautz proba egiteko aukera izango da. Azken hau ur irekiko Espainiako ligan puntuagarria izango da eta egutegian Etapa Plus kontsideratua izango da.

Otsailaren 23an zabalduko dute proban izena emateko epea, eta aurtengoan web.rockthesport.com plataforma erabili beharko da horretarako. Probak uztailaren 20-21eko asteburuan izango dira. Larunbat arratsaldean, 18:00etan, Zarautz-Getaria-Zarautz zeharkaldia izango da, eta igandean, berriz, Getaria-Zarautz. Infantilen proba 10:00etan izango da, eta nagusiena 11:30ean.

Zarautz-Getaria-Zarutz zeharkaldia Zarauzko portuaren paretik hasiko da. Getariako portu parean bira eman beharko dute igerilariek, eta Zarauzko portuaren barruan amaituko da proba. Gehienez, 500 igerilarik hartuko dute parte proba honetan, eta parte hartzaile bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu. Igerilariak Espainiako ur irekien kopan parte hartu behar badu, berriz, 45 euro ordaindu beharko ditu.

Zeharkaldi berrian parte hartzeko, beharrezkoa izango da baldintza batzuk betetzea:

  • Azken hiru zeharkaldietan talde berdean edo maila altuagoko batean atera izana
  • 1.500 metroko proban burutzeko 24 minutu baino gutxiago behar izatea, eta 800 metrokoa bukatzeko 12 minutu baino gutxiago.
  • 5.000 metroko ur irekiko itsas zeharkaldi batean 1h 30min-eko marka egin izana, gutxienez.

Getaria-Zarautz proba, berriz, ohi den moduan, Getariako portutik hasiko da, 11:30ean. Lehen hiru irteeren artean 5 minutuko tartea egongo da, eta gainontzekoen artean 10 minutukoa. Probaren luzera 2.850 metrokoa izango da. Ohi bezala, probaren antolakuntzak aukerako autobus zerbitzua jarriko du, Zarauztik Getariako portura joan ahal izateko. Getaria-Zarautz zeharkaldiko parte hartzaile kopurua 3.000 pertsonakoa izango da, gehienez. Izena emateko lehenengo epea otsailaren 23tik martxoaren 23ra egongo da zabalik. Epe horretan izena ematen duenak 30 euro ordaindu beharko ditu. Martxoaren 24tik maiatzaren 31ra izena ematen duenak 40 euro ordaindu beharko ditu; ekainaren 1etik 30era izena ematen duenak 45, eta uztaileren 1etik 19ra bitartean izena ematen duenak, 50.

Infantilek 800 metroko ibilbidea egin beharko dute itsasoan. Gehienez, 150 pertsonak izango dute parte hartzeko aukera, eta inskripzioak 15 euro balioko du. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da federatuta egotea edo eskola-lizentzia edukitzea.

Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia inoiz irabazi duten igerilariek, Zarautz Balea Igeriketa Elkarteak antolatutako hurrengo froga guztietarako gonbidepena jasoko dutela jakinarazi dute probaren antolatzaileek.

Informazo gehiago eskuragarri dago ondorengo pdf fitxategian. Horrez gain, edozein zalantza izanez gero info@travesiagetariazarautz.com helbide elektronikora idatzi daiteke.