Kilometroek eta Ekoliok hitzarmena sinatu dute

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 14a, 15:36
IƱigoi Ameztoik, Haimar Arozenak eta Nekane Artolak sinatu dute hitzarmena. (Kilometroak)

Zarauzko enpresak salmenten fakturazioaren %10 bideratuko du Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzera.

Aurten Zarautzen izango da Kilometroak jaialdia, urriaren 6an, Salbatore Mitxelena Ikastolaren eskutik. Antolatzaileek azaldu dutenez, 2019. urteko edizioaren "ardatzetako bat" da "jasangarritasuna", eta hitzarmena sinatu berri dute Ekolio Zarauzko enpresarekin. "Ekolioren filosofiak guztiz bat egiten du Ikastolaren filosofiarekin", adierazi du Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak.

Ekoliok sukaldeko landare-olioa doan jaso eta biodiesel bilakatzen duela azaldu dute Kilometroen antolatzaileek. "Jasangarritasunean aitzindari" izateaz gain, "proiektu soziokulturala" dela iritzi dute. Hitzarmenaren arabera, Ekoliok urriaren 6ra bitartean egindako salmenta guztien fakturazioaren %10 bideratuko du Salbatore Mitxelena Ikastola laguntzera. Nekane Artolak, Iñigo Ameztoi Zarauzko Ikastolako lehendakariak eta Haimar Arozena Ekolioko ordezkariak sinatu dute akordioa.

Arozenak nabarmendu duenez, "sentsibilizazioa" lantzeko ere baliatuko dute kanpaina, "birziklapenak eta berrerabilpenak duten garrantziaz ohartarazteko" asmoz. "Birziklapenaren alde dauden guztiei" ekimenarekin bat egiteko dei egin die Ameztoik, "etorkizun jasangarriago bat izateaz gain, hezkuntza euskaldun integral bat izan dezagun", gehitu du.

Sukalde-olio erabilia jasotzeko edukiontzi laranja bat jarriko dute Salbatore Mitxelenan: bertan bildutako olioa jaso, tratatu eta biodiesel bilakatuko dute Ekoliokoek. Bestalde, xaboiak egiteko tailerrak ere egingo dituzte.