Urtean bi liburuxka argitaratuko dituzte udalaren kultur egitarauarekin

Zarauzko Hitza 2019ko ots. 18a, 17:00
Liburuxka erakusten Idoia Etxeberria teknikaria. Atzean, ezkerretik hasita, Llopis, Iribar, Txurruka, Azkue eta Gonzalez-Txabarri (Onintza Lete Arrieta)

Modelon, Sanz Enean eta Torre Luzean udalak antolatutako ekitaldiak jasoko ditu liburuxkak. Kultura Zarautzek jada kaleratu du otsailetik ekainera artekoa; 2.500 ale argitaratu dituzte. Udarako egitaraua, berriz, aparte eskainiko dute.

"Modelo aretoa irekitzearekin batera, hausnarketa egin dugu Kultura Sailean, eta ikusi dugu egokia litzatekeela udalak eskaintzen dituen kultur ekitaldiak liburuxka batean jaso eta herritarrei banatzea", azaldu du gaur prentsaurrean Nekane Iribar Kultura zinegotziak.

Hala, urtean bi liburuxka argitaratuko dituzte. Bata otsailetik ekainera arteko egitarauarekin; bestea, irailetik abendura artekoarekin. "Udak egitarau propioa izaaten du", eta beraz, aparte emango dute, Fernando Llopis Kultura teknikariak azaldu duenez.

Aurreneko liburuxka jada eskuragarri dute herritarrek. Sanz Enean, Modelon eta Herritarren Arreta Zerbitzuan daude aleak; 2.500 guztira. Dena dela, Llopisek jakinarazi du Zarautz Kulturaren webgunean ere zintzilikatuta dagoela, eta emailez ere jaso daitekeela, kulturazarautz@gmail.com helbidera idatzita.

Sarrerak, laster internetez

Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du udalak antolatutako ekitaldiak ageri direla liburuxkan, baina herrian beste hainbat ekitaldi ere egiten dela, baita udal eraikinetan ere, Modelon kasu. Esaterako, liburuxkan ez da ageri zinema komertzialeko egitaraua.

Gogorarazi du herritarrei zabalik daudela herriko aretoak, eta adibide gisa, aipatu du Udaberri jubilatuen elkarteak Modelon egingo duela urteko batzarra, eta martxo amaieran parrilla jardunaldiak ere Modelon izango direla. Herritarrak animatu ditu proposamenak egitera eta ekitaldietan parte hartzera.

Hain zuzen, "herritarrek egindako ekarpenen ondorioz", udala plataforma batzuekin aztertzen ari da Modeloko txartelak internetez eskuratzeko sistemaren bat. "Eraikin modernoa dugu, eta herritarrek eskatzen duten erabilera modernorako aukerak eskaini behar ditu", esan du. Hala, aurreratu du aurten bertan martxan jarri nahi dutela sarrerak internetez eskuratzeko modua.

Modelok hasiera indartsua

Alkateak eta Kultura teknikariek azpimarratu dute Modelok hasiera indartsua izan duela. Bai Dantza filmak, bai Artxipielagoa eta Satorjator ikuskizunek harrera ona izan dute, eta espero dute aste honetan jarraitzea joera horrek. Larunbatean, esaterako, Lou dokumentala eskainiko dute. "17:00etan zabalduko dugu leihatila eta sarrera doakoa izango da tokia bete arte. Uste dugu jendea animatuko dela, herritarrak direlako bai protagonista bai egileak", azaldu du Olatz Azkue Kultura teknikariak.

Azkuek esan du film berrienak ekartzen jarraitzeko asmoa dutela, Modelo zaharrak egiten zuen bezala.

Berrikuntza gisa, dantza emanaldi bat ekarriko dute Modelora. "Ikusiko dugu ea nola funtzionatzen duen agertoki honetan".