Zarauztarrak haurrak animatu ditu taldean izena ematera

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 23a, 21:00

Harrobia lantzen du txirrindulari elkarteak, eta larunbat eguerdian aurkeztu du denboraldi honetako taldea. Azpimarratu du oraindik aukera dutela haur eta gaztetxoek taldera batzeko. "Nahikoa bizikleta eta material badugu txirrindularitza probatzera animatzen denarentzako".

Kalean bizikleta ugari ikusten den arren, kosta egiten da pausoa ematea eta txirrindularitza kirol moduan praktikatzea. Horregatik, "txirrindulari premiarekin" baina gogotsu ekingo dio denboraldiari Zarauztarra elkarteak. Larunbat eguerdian aurkeztu dute 2018-2019 denboraldia, hastear direlako karrerak.

Aurten bi infantil eta bi alebin, hiru kadete eta lau jubenil izango ditu taldeak; eta, beti bezala, txirrindularitza egokituko bi kide. 12. denboraldia dute, izan ere, Josu eta Jose Anjel Arroitaonandia anaiek. "Ez daukagu besteek bezain maila ona, eta ahal duguna egiten dugu lehiaketetan. Horregatik, errepideaz gozatzea izaten da gure helburuetako bat, eta iganderoko txangoetan horixe egiten dugu", azaldu du Josu Arroitaonandiak.

Harrobi lana egiten du Zarauztarrak. Denis Sanchez infantilen eta alebinen entrenatzailea da, eta azaldu du denboraldia hasita egon arren, elkartean izena eman dezaketela haur eta gaztetxoek. "Izena emateko orriak utzi ditugu eskoletan eta kiroldegian, eta lokalean behar beste bizikleta eta material dugu, etortzen denarentzat prest. Jendea animatu nahi nuke beldurrik gabe etortzera", esan dio HITZAri.

Eskolarteko txapelketa, hastear

Martxoaren 9an hasiko da eskolarteko txapelketa, eta hamabost-hamasei karrera jokatuko dituzte, zirkuitu itxietan, lau kilometroko distantziarekin. Zarautzen martxoaren 23an izango da karrera.

Kadeteak errepidera ateratzen dira, 50-60 kilometro egiteko, eta jubenilek 75-90 artean egiten dituzte. Azken horiek Gipuzkoako Itzulia ere egiten dute, eta antzeko proba bat Nafarroan.