Herri kirol ikuskizun polita eskaini dute ZKEren urteurrenaren barruan

Onintza Lete Arrieta 2019ko ots. 24a, 09:54

Arria V.ak eta Jon Rekondok eskuratu dute Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako Final Txikia. Harri jasotzen, berriz, Urra eta Eiza nagusitu dira herriko elkarteko Binakako Txapelketan.

Ikuskizun polita eskaini zuten hainbat kirolarik atzo, larunbata, Aritzbatalde pilotalekuan. ZKEren 75. urteurrena ospatzeko, aizkoran, harri jasotzen, nahiz txingekin eta ingudean aritu ziren eskualdeko nahiz kanpotik etorritako kirolariak, eta lan txukuna egin zuten. Emaitza guztiak argazki bilduman daude ikusgai. 

Aizkoran datorren astean jokatuko da Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa Azpeitian, baina atzo Final Txikia jokatu zuten Mugertza II.ak eta Iñaki Azurmendik, Jon Rekondo eta Arria V.aren aurka. Azken horiek nagusitu ziren, hiru modalitatean aritu ostean.

Harri jasotzen, Zarautz Kirol Elkarteko kideak aritu ziren, eta euren artean Binakako Txapelketa jokatu zuten. Lehia estuaren ondoren, Urra eta Eiza nagusitu zitzaizkien Izeta III.ari eta Peñari. 63 jasoaldi egin zituzten guztira garaileek; 61 besteek.

Ingudearekin, berriz, Aristegiri aurre hartu zion osta-osta Finolek, 93 eta 94 altxaldi egin baitzituzten. Gisasolak 89 altxaldi egin zituen. 

Txingekin ere lehia egon zen Drame eta Gonzalez de Herediaren artean. Esku banatan 50 kilo hartuta, 28 metro luze zen ibilbidea egin zuten behin eta berriz. Dramek etsi zuen aurrena, baina 24 aldiz eginda ibilbidea. Gonzalez de Herediak, berriz, 30 aldiz egin zuen; 840 metro guztira.

Ikuskizunean parte hartu zuen Jakes harri jasotzaile txikiak ere. 10 urterekin, harri borobila nahiz karratua altxatu zituen, esku bakarrarekin ere aritu zen, eta jaialdia amaitzeko agurra ere eskaini zien han bildutakoei eta familiakoei, izetatarrei.

Pena bakarra, ikusle gehiegi ez zela animatu herri kirol jaialdira.