Olaa erreka desbideratuko dute industrialdean uholdeak saihesteko

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ots. 27a, 08:30
Jauregi sailburuordea, Martinez de Cabredo URA-ko lehendakaria, Vazquez zinegotzia, Arriola sailburua eta Garcia Etxebizitza zuzendaria. (Amaia Urbieta Arruti)

Olaa errekaren zati bat Bombas Itur enpresaren azpitik igarotzen da, eta horrek uholdeak eragiten ditu noizbehinka. Hori ekiditeko, erreka desbideratuko dute.

Olaa errekaren desbideraketa lanen berri eman zuten astelehenean, Bombas Itur enpresaren  kanpoaldean egindako agerraldian. Izan ere, enpresa horren azpitik igarotzen da erreka gaur egun. Proiektuak bi helburu nagusi dituela azaldu zuen Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Ingurumen sailburuak: egon daitezkeen uholdeak saihestea eta errekaren eta inguruaren naturalizazioa. Errekaren 350 metro inguruko zatia doa lurpetik, Bombas Itur enpresaren azpitik, eta asmoa hortik ateratzea eta albotik doan errepidearen ingurutik bideratzea da. Horrez gain, zubi berriak eraikiko dituzte errekaren bi aldeen arteko loturak mantendu daitezen. "Etorkizunean industrialde honek izango dituen garapenei begira, garrantzitsua da lotura horiek mantentzea", azaldu du Arriolak.  4 milioiko kostua izango du obrak, eta guztira, ibaiaren 670 metroko luzeran egingo dituzte naturalizazio lanak.

Aspaldiko proiektua

Gloria Vazquez Zarauzko Ingurumen zinegotziak nabarmendu du lan hauek ingurumenaren ikuspegitik "oso garrantzitsuak" direla, baita Errotaberri industrialdea garatzeko ere. "Aspaldiko proposamena da proiektua, izan ere, euri asko egiten duenean uholdeak izaten dira Errotaberri industrialdean eta hainbat enpresak kalteak izaten dituzte".

Obrak urtarrilean hasi zituzten, eta guztira, hogei hilabeteko epea izango dutela azaldu du Ernesto Martinez de Cabredo URA Agentziako lehendakariak. Egun inguruko baserrietara doan errepidea hartuko duenez Olaak, baserri horietara joan ahal izateko bidea beste toki batetik eraikitzen hasi dira dagoeneko.

Ahal den naturalena

Martinez de Cabredok azaldu du ibaia "ahal den naturalen eta benetakoen" utziko dutela. "Ez da benetakoa izango, baina orain oso ohikoak dira horrelako lanak. Ibaiak estalita dauden tokietan ahalegintzen gara gaineko hori kentzen, baina ezin denean beste bide bat eman behar izaten zaio. Kasu honetan, ezinezkoa da erreka naturalki berreskuratzea, beraz, zerbait errekuperatzeko era da kanporatzea".

Baserrietarako bideetako lanek bi hilabete iraungo dute, eta horiek amaitu ostean erreka desbideratzuko dute. Obren fase hori izango da zailena Martinez de Cabredoren arabera: "Inguruan toki gutxi dago eta erreka-bidearen sakonera nahikoa handia da. Ibaia ezin da edozein tokitatik bideratu, bere sakontasuna eta bidea izan behar ditu uholdeak saihesteko, eta hori guztia proiektu hidrauliko batean jasota dago", gaineratu du URA Agentziako lehendakariak. Urrian, Irita hezeguneko lanekin hasiko dira. "Lan horiek uda amaitutakoan egitea erabaki zen, balitekeelako obren ondorioz ura iluna iristea hondartzara".