Udal Elkartearen arabera, sortutako hondakinen %70 berziklatzen da bailarako herrietan

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 1a, 08:30

Urola Kostako Udal Elkarteak "balorazio positiboa" egin du hondakinak biltzeko sistema berriari buruz, indarrean jarri eta urtebetera. Etorkizunerako hainbat asmo ere azaldu dituzte.

Kostako bost udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zutenetik urtebetera balorazioa egin du Urola Kostako Udal Elkarteak. "Positiboa da balantzea", adierazi du udal elkarteak. 2017ko datuak kontuan hartuta, ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo dela nabarmendu du. "2017ko urte osoko sailkatze indizea %46,68 da eta 2018ko martxotik abendura bitartekoa %70,10". Horrez gain, adierazi du hondakinen sailkatze indizea %70 inguruan "egonkortu" dela. Ondo sailkatuta bildutako hondakinen kopurua igotzeaz gainera, arloz arlo bildutako sailkatutako hondakinen kopuruak ere bilakaera positiboa izan du udal elkartearen arabera.

Nahiz eta hondakinak biltzeko sistema berriak emaitza positiboa izan, "zerbitzua etengabe hobetzeko" ahalegina egiten jarraituko du Urola Kostako Udal Elkarteak: "Beti ere, gutxieneko helburuez haratago, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko helburuarekin".

Ikuskatzeak eragin ona

Hondakin organikoa hobeto sailkatuta biltzeko helburuarekin, iazko azaroan eta abenduan, ikuskatze-kanpaina egin zuen Urola Kostako Udal Elkarteak Kostako bost udalerrietan. Kanpainak bere eragina izan zuela azpimarratu du erakundeak: "Hondakin organikoaren kalitatea hobetu da. Dena dela, oraindik eta kalitate hobea lortzen jarraitu behar dugu".

Aurrerako asmoak

Hondakinak ondo sailkatuta jarraitzeko eta zerbitzua hobetzeko asmoarekin, aurten, lehen seihilekoan hainbat neurri eta egitasmo jarriko ditu martxan UKUEk, "iaz bilketa zerbitzuetan antzemandako hutsuneetan oinarrituta". Besteak beste, bilketa maiztasunak egokitzen jarraitzeko asmoa du, eta bilketa zerbitzuko ibilgailuetan moldaketak egingo ditu. Horiez gainera, bilketa guneen eta edukiontzien garbiketa lanak berrantolatuko ditu.

Ikuskatze lanak, berriz, indartu egingo ditu, asteburu eta jaiegunetara zabalduz. Era horretan, asteburuetan eta jaiegunetan sortzen diren gorabeherak eta arazoak konpondu nahi
ditu.