Nerea Amilibiak eta Ander de Luisek irabazi dute Mahasti Krosa

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 10a, 13:45

Talai Berri txakolindegiaren inguruko mahastietan barrena, gaur goizean jokatu dute bigarren Mahasti Krosa. Emakumezkoetan, Nerea Amilibia garaile izanik, Zarautzen geratu da txapela; gizonezkoena, berriz, Ander de Luis ondarroarrak irabazi du.

Giro ederrean jokatu dute bigarren Mahasti Krosa, kirola eta ospakizuna uztartuz. 7,6 kilometroko ibilbidea egin dute korrikalariek, mahastietan barrena, aldapa gogorrak igoz eta jaitsiz. Ander de Luis ondarroarra izan da lehena helmuga zeharkatzen, 00:31:16ko denborarekin. Emakumezkoetan, Nerea Amilibia zarauztarrak irabazi du txapela, 00:38:51ko denborarekin. Gizonezkoetan podiumera igo diren gainontzekoak, hurrenez hurren, Ibai Makazaga oriotarra (00:32:01) eta Xabi Garate zarauztarra (00:33:26) izan dira. Emakumezkoetan, bigarren egin du Ioana Osa ondarroarrak (00:39:00) eta hirugarren Elisabete  Garate (00:39:51) zarauztarrak.

Lehen hiru zarauztarrak gizonezkoetan, hurrenez hurren, Xabier Garate, Borja Murillo (00:36:48) eta Iñaki Landa (00:37:46) izan dira. Emakumezkoetan, berriz, Ioana Osa, Elisabete Garate eta Elena Beristain (00:48:42).

Podiumera igo diren korrikalari guztiek garaikurra eskuratu dute, eta txapeldunek, garaikurra eta txapelaz gain, beren pisua txakolinetan ere irabazi dute. Hori kalkulatzeko, sari banaketan bertan pisatu dituzte De Luis eta Amilibia.

Sailkapena osorik lotura honetan dago ikusgai.

Ospakizunei amaiera emateko, dantzariek aurreskua egin diete korrikalari irabazleei, Goizeko Ihintza txistulari taldearen laguntzaz.

Antolakuntza azpimarragarria

Ibilbide malkartsua eta nahasgarria da Mahasti Krosarena. Mahastietan barrena, beharrezkoa da seinaleak argi ikusteko moduan egotea, korrikalariek bidea garbi izan dezaten. Parte hartzaile batek azaldu duenez, "harrituta" geratu da Krosaren antolakuntza onarekin. "Bazter guztietan zeuden boluntarioak nondik jo behar genuen azaltzen, eta hori ez da ohikoena mendi lasterketetan".