Urteurrenaren aurreko beroketa lanetan da Arraio irratia

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 10a, 18:30

Maiatzean hamahiru urte beteko ditu Arraio irratiak. Urteurreneko ospakizunekin hasi aurretik, jardunaldi batzuk antolatu dituzte.

2018ko irailean hasi zuten ikasturtea Arraioko kideek, bederatzi irratsaiorekin. Haietako bakoitzak gai jakin bat jorratzen du: musika, gaurkotasuna, kirola, elkarrizketak, bidaiak, bertsoak, feminismoa, euskara, jasangarritasuna, ekologia... Guztira, 35 kide inguru aritzen dira irratian. Aurtengo leloa 13 urtez Arraioz(a)harro! izango da, "harro egoteko arrazoirik ez delako falta".

Irrati librea da Arraio. "Autogestionatua, euskalduna, bizimodu kapitalista eta heteropatriarkarra irauli nahi dituena". Eragitea dute helburutzat: "besterik badago, besterik egin dezakegu".

Irratia FMko 99.3an sintonizatuta entzun daiteke Arraio. Zarautzen ez ezik inguruko herrietan ere entzuten da, Oriotik Ondarruraino. Interneten ere www.arraio.eus web orrian entzun daiteke zuzenean.

Arraioko kideek beren entzuleei, laguntzaileei eta kolaboratzaileei eskerrak eman nahi izan dizkiete: "irratiak hitz egiteko balio du, bai, baina entzuten ez bada, zentzurik ez du. Horregatik guztiagatik, aurtengo urteurrena ere zuekin ospatu naghi dugu. Izan ere, xedeak eta balioak argi ditugu, eta horien artean dago zuek, entzuleak, zaindu eta gozaraztea; arraiokideok gozatzen dugun bezainbeste, ahal bada".

Urteurrenaren aurreko jardunaldiotan irratia herrira atera nahi izan dute, besteak beste. Horregatik, antolatutako hainbat ekintza gaztetxetik kanpo kokatu dituzte. Hau da datozen asteetarako prestatu duten egitaraua:

Martxoak 16, larunbata. Plaieroen inguruko solasaldia Zarautz Kirol Elkartean 11:00etan.
Martxoak 21, osteguna. Ahoztar Zelaietaren La trama del 4% Putzuzulo gaztetxean 18:30ean.
Martxoak 24, igandea. Gipuzkoa Bertsotan, girotze saioa Putzuzulo gaztetxean 17:00etan.
Martxoak 27, asteazkena. Mahai-ingurua: Euskara sexista eta ez sexista Modelo aretoan 19:00etan.
Apirilak 4, osteguna. Sendabelarrak Sara Letamendiarekin Merkatu Plazan 19:00etan.
Apirilak 26, ostirala. Gipuzkoa Bertsotan, berotze saioa Putzuzulo gaztetxean.