Hauteskunde orokorretan postaz bozkatzeko eskaera egin daiteke dagoeneko

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 13a, 17:00

Apirilaren 28an izango dira espainiar estatuko hauteskunde orokorrak, eta botoa bozka bidez eman ahal izateko eskabide orriak eskuragarri daude dagoeneko, Correos bulegoetan.

Apirilaren 28an, igandea, izango dira espainiar estatuko hauteskunde orokorrak. Dagoeneko egin daiteke postaz bozkatzeko eskaera, Correos bulegoetan dauden eskabide orrien bidez. Behin eskaera eginez gero, ezingo da bozkalekuan botoa eman.

Botoa posta bidez emateko eskaera egiten dutenek apirilaren 8tik 21era bitartean jasoko dituzte eskabide orrietan zehaztutako helbidean bozkatu ahal izateko agiria eta jarraibideak, eta apirilaren 24ra arte izango dute botoa Correos bulegoetara eramateko aukera.

Hiru aukera

Botoa postaz eman ahal izateko eskaera egiteko prozesu desberdinak daude, pertsona bakoitzaren egoeraren arabera. Hiru dira egoerarik ohikoenak: behin-behinean Arabatik, Bizkaiatik edo Gipuzkoatik kanpo, baina espainiar estatuaren barruan bizitzea; aldi baterako espainiar estatuaren mugetatik kanpo bizitzea; eta arazo fisikoren bat edo gaixotasunen bat izatea.

Espainiar estatuaren mugen barruan bizi diren herritarren kasuan, Correos bulegoetara joan behar dute botoa emateko paperak eskatzera. NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea derrigorrezkoa da, eta originalak izan beharko dute, ez fotokopiak. Martxoaren 5etik daude eskuragarri eskabide orriak Correos bulegoetan, eta apirilaren 18an itxiko dute eskaerak egiteko epea.

Prozesu berdina jarraitu beharko dute arazo fisikoren bat edo gaixotasunen bat duten pertsonek, baina ziurtagiri bat gehiago aurkeztu beharko dute beren egoera frogatzeko. Ondoren, notario bat joango zaie etxera, beren egoera egiaztatzeko. Notarioak senide edo tutoreren bati emango dio izapideak egiteko eta botoa bidaltzeko baimena.

Espainiatik kanpo bizi direnek bozkatzeko baimena eskatu behar dute beraien bizitokiko erregistro zibilaren bulego kontsularrean edo Espainiako Atzerri Arazoetako Ministerioaren webgunean. Horretarako, lehendabizi, ez egoiliar bezala eman behar dute izena; hau da, herrialde horretakoak ez direla erakutsi behar dute. Ondoren, baimen-ziurtagiria aurkeztu beharko dute erregistro zibilaren bulego kontsularrean edo enbaxadan. Hori eginda, beharrezko dokumentazioa bidaliko diote herritarrari egungo bizilekura, eta hautes-mahaira bidali beharko du hark dokumentazioa, bere botoarekin.