Minbiziaren aurkako astea, aurten Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2019ko mar. 15a, 13:32
Ezkerretik hasita, Izaro Iriondo AECC-ko teknikaria, BegoƱa Crespo Urola Kostako AECC-ko lehendakaria, Xabier Txurruka alkatea eta Miren Letamendia Osasun zinegotzia (Onintza Lete Arrieta)

Zarautz minbiziaren aurka lelopean, hainbat ekintza egingo dituzte martxoaren 20tik 23ra herrian. AECC elkarteak prebentzioan eta sentsibilizazioan eragin nahi du, eta horregatik ikastetxeetan nahiz kalean egingo dituzte saioak, gehienak festa giroan.

Martxoaren 23a, larunbata, Zarautz Minbiziaren Aurka Eguna izango da. Urtero Gipuzkoako herri batean egiten dute festa giroko egun hori, eta iaz Zarautzek hartu zion lekukoa Villabonari. Horregatik, gaur Zarauzko AECCren egoitzan aurkeztu dituzte martxoaren 20tik 23ra egingo dituzte ekitaldiak.

Begoña Crespo da Urola Kostako AECC elkartearen ordezkaria, eta hark azpimarratu du eskualdeko heriotzen lautik batek minbiziarekin duela zerikusia, Eustaten 2017ko txosten baten arabera. "Horregatik, prebentzioan jarri nahi dugu bereziki atentzioa", esan du.

Hain zuzen, Zarautz minbiziaren aurka lelopean egingo dituzten ekintzek osasuna bultzatzearekin eta minbizia prebenitzearekin izango dute zerikusia. Batetik, minbiziaren jaitsieran eragiteko bizimodu osasungarriak bultzatu nahi dituzte eta, bestetik, gaixotasun hori jasaten dutenei eta haiei senitartekoei laguntza emateko aukera eskaini nahi zaie.

"Gogoratu nahi dugu elkartearen egoitzan eskaintzen dugun zerbitzua doakoa dela. Psikologoa eta gizarte laguntzailea ditugu, eta hainbat ikastaro eskaintzen dugu", azaldu du Crespok, eta herritarrak animatu ditu bertaratzera. Baita martxoaren 20tik 23ra egingo diren ekintzetan parte hartzera ere.

Ekintzak, eskoletan nahiz kalean

Batetik, Zaindu zure osasuna izeneko programa jarriko dute martxan herriko ikastetxeetan. Elkarteko profesionalak izango dira eskoletan, eta hainbat adinetakoikasleekin ohitura osasungarriak landuko dituzte.

Bestetik, herriko hainbat ostalaritza establezimenduk bat egingo dute ekimenarekin, eta hala, aste osoan dastatzeko aukera egongo den "pintxo osasungarria" prestatuko dute.

Elikadurarekin lotuta, Izaro Iriondo teknikariak jakinarazi du sukaldaritza tailer bat ere antolatu dutela, eta parte hartzea doakoa den arren, izena aurrez eman beharko dela azaldu du. Horretarako bi bide daude: telefonoz 943-13 32 36 zenbakira deitu daiteke, edo idatzi, urolakosta@aecc.es helbidera.

Hau da egitarau zehatza:

Martxoak 20, asteazkena:

  • 18:30etik 20:00etara sukaldaritza tailerra Eroski Hipermerkatuko Bezeroaren Gelan. Martin Argiñano eta Pasku Exposito sukaldariekin eta Vanessa Blazquez nutrizionistarekin. Izena aurrez eman behar da.

Martxoak 21, osteguna:

  • 17:00etatik 18:00etara, hitzaldia, Minbizia duten pazienteen ongizate emozionala, nola landu? izenburupean. Miriam Markez psikologoaren eskutik, Antoniano aretoan (Gipuzkoa kalea, 3).

Martxoak 23, larunbata, Zarautz Minbiziaren Aurka Eguna:

  • 10:30-11:00: ibilaldi girotua, Argiñano aurreko skatepark ondotik hasi eta Musika Plazara arte. Bertaratzen direnei kamisetak emango zaizkie, Zarautz minbiziaren aurka leloarekin.

  • 11:00-11:30: harrera Musika Plazan. Zarautzek Azpeitiari pasako dio lekukoa.

  • 11:30etik aurrera:

         -Munoan, zumba saioa

        -Merkatu plazan, yoga saioa

        -Gaztelekuko Frontoi Txikin, buruhandien tailerra. Bi ordukoa da, eta haurrek gurasoekin hartu    beharko dute parte. Izena aurrez eman behar da, prebentzioa@zarautz.eus atarian. Martxoaren 21a baino lehen.

        -Musika Plazan, elikadura tailerra eta fantasiazko makillaje tailerra.

Zarauzko Udala, eskertuta

Prentsaurrekoan parte hartu dute Miren Letamendia Osasun zinegotziak eta Xabier Txurruka alkateak ere. Hala, Zarauzko Udalaren babesa adierazi nahi izan diote egitasmoari.

Letamendiak eskerrak eman dizkio elkarteari egiten duten lan guztiagatik, eta Txurrukak esan du "ohorea" izango dela iaz jasotako lekukoa ematea Azpeitiari, eta azpimarratu du AECCk urte osoan zehar Zarautzen egiten duen lana. "Gaitza izan duen edonork eta horien inguruan gaudenok badakigu nolako uneak bizitzen diren, eta beraiek beti daude hemen, behar duenari laguntzeko prest. Eskertzekoa da jakitea norbait dagoela beti".

Gogoratu du udalak konpromiso sendoa duela bizitza osasungarria sustatzeko herrian, eta horregatik, herritarrak gonbidatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera.

Egunero ateak zabalik

Nafarroa kalean du egoitza Urola Kostako AECC elkarteak, eta egunero zabaltzen dute zerbitzua herritarrentzat. Honakoa da ordutegia:

  • Astelehenetan, 08:00-15:00 eta 15:30-18:00 artean
  • Astearteetan, 08:00-15:00 artean
  • Asteazkenetan, 09:30-13:30 artean
  • Ostegun eta ostiraletan, 10:30-12:00 artean