Zarauzko Ikurriña mus txapelketako finala jokatuko dute ostiralean

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 18a, 17:00
Joan den urteko finaleko une bat. (Maria Maya Manterola)

Kulixka jatetxean izango da finala afaldu aurretik, eta afalostean mus txapelketa azkarrean parte hartzeko aukera izango da. Zarauzko Ikurriña txapelketan 92 bikotek hartu dute parte aurtengoan.

Muno anaia azpeitiarrak eta Antxon eta Juanjo bikotea iritsi dira Zarauzko Ikurriña mus txapelketako finalera. Ostiral honetan, martxoaren 22an izango da finala, Kulixka jatetxean. Azpeitiarrek hiru partida galdu dituzte txapelketa osoan eta Antxonek eta Juanjok zazpi. Hori dela eta, desabantailarekin jokatuko dute finala zarauztarrek, zortzi partida galtzen dituen bikotea kaleratu egiten baita.

Ohi bezala, Kulixka jatetxean jokatuko dute Zarauzko Ikurriña mus txapelketako finala. Izatez 19:00etan hastekoak baziren ere, aipatu desabantailagatik lehenago hasiko dira ziurrenik. Zarauzko Ikurriña "ospe handiko txapelketa" dela azaldu dute antolatzaileek, eta aurtengoan parte hartzaile kopurua "nabarmen" hazi dela azpimarratu dute. Joan den urtean  58 bikotek eman zuten izena, eta aurten 72k.

Finalaren ostean sari banaketa egongo da lehenengo 36 bikoteentzat. Saria jasotzeko, beharrezkoa izango da bertan egotea. Lehiaketako bikote txapeldunak, lehen zarauztarrek eta gutxienez emakume bat duen lehenengo bikoteak eramango dute saria. Bikote txapeldunak 6.000 euro irabaziko ditu, bigarrenak 2.000 euro, hirugarrenak 500 eta laugarrenak 250.

Txapelketa amaitutakoan afaria izango da eta ondoren, Mus Azkarra jokatuko dute. Afarirako sarrerak Itxas Lur edo Txiki Polit tabernetan eros daitezke 30 euroan; asteazken hau izango da txartelak eskuratzeko azken eguna. Afalosteko mus txapelketarako Kulixkan eman beharko da izena egunean bertan eta bikoteko 30 euro kostako da izen ematea. Irabazleek izen-ematean bildutako diruaren erdia eramango dute, bigarrenek bosten bat, hirugarrenek hamarren bat eta laugarrenek hamarrenaren erdia.

Amaitzeko, Zurekin elkarteak gogoan izan ditu txapelketa hau antolatzea posible izan dadin laguntzen duten establezimenduak: Joe, Itsaski, Euskalduna, Itxas-Lur, TxikiPolit, Iruña, Xoxoa, Karlos Argiñano eta Sugoi.