Buru eta mingain berotzeko prest

Amaia Urbieta Arruti 2019ko mar. 21a, 08:30

Aitor Urbieta eta Markel Eizagirre, igandeko kartela eskuetan. (Amaia Urbieta Arruti)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hurbiltzen ari dela eta, lehenengo fasean izango diren hainbat bertsolariren arteko "berotze fase" bat antolatu dute, Aitor Urbieta eta Markel Eizagirreren ekimenez: Ganbara Berotzen

Datozen asteak bereziak izango dira Gipuzkoako bertsolari gehienentzako, apurka-apurka tentsio eta urduritasunak gehitzen joango zaizkielako. Maitzaren 4tik aurrera Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea jokatzen hasiko dira lurraldeko 84 bertsolari. Haietatik 22 izango dira Urola Kostakoak.
 
Aitor Urbieta eta Markel Eizagirre bertsolari zarauztarrek "ilusioz" heldu diote txapelketaren erronkari. Izan ere, hurrengo fasera pasako diren edo ez egun bakarrean erabakiko bada ere, lan asko egin behar dute egun hori iritsi aurretik.  

Eskura zituzten baliabideak aprobetxatu nahian, Ganbara Berotzen egitasmoa sortu dute bi bertsolariek, inguruko hainbat lagunekin batera. "Iruditu zitzaigun garai aproposa zela horrelako zerbait egiteko. Txapelketaren atarian gaude, Putzuzuloko kontzertu gela berritu dute lagun batzuek eta Zarauztik eta inguruetako herrietatik jende askok eman dugu izena txapelketan, aurpegi berri asko daude", azaldu du Aitor Urbietak.

Hala, Getarian, Aizarnazabalen eta Zarautzen  bertso saioak antolatu dituzte, txapelketaren aurreko "berotze fase" moduan. Hiru herri horietatik hamabi bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoa Bertsotanen, eta sei bertsolariko lau saio osatu dituztenez, hamabi bertsolari horiek eta beste herrietako beste hamabik osatzen dute zerrenda.

Informala, baina ez gehiegi

Saioei "kutsu informala" eman nahi izan dietela azaldu dute antolatzaileek. "Tentsio puntua kendu nahi diegu, baina txapelketarako prestakuntza moduko bat dela ahaztu gabe". Azaldu dutenez, ariketak txapelketako lehen fasean egin beharko dituztenen antzekoak izango dira. Funtsean, beraz, hiru helbururekin jarri dute martxan Ganbara Berotzen, Eizagirrek azaldu duenez: inguruko herrie-
tako eragileen arteko elkarlana sustatzeko, inguruko bertsolariak txapelketarako prestatzeko eta jendeari gogorarazteko badatorrela txapelketa eta eskualdetik ordezkari asko izango direla bertan.
"Gipuzkoako txapelketa abenduan bukatuko da Illunbeko final handian. Urrian eta azaroan final erdiak izango dira, baina jende askori maiatzean hasi eta maiatzean bukatuko zaio aurretik prestatutako bide hori. Jendeak jakin dezan nahi dugu badaudela bertsolari berriak herrian bertan, maila onarekin. Jakin dezatela horren aurretik ere badela txapelketa bat, eta eskualdeko bertsolari askok hartuko dugula parte bertan", adierazi du Urbieta bertsolariak.

Saioak

Martxoak 24, igandea: Zarautzen, Putzuzulo gaztetxean 17:00etatik aurrera. Bertsolariak: Uxue Alkorta, Ainhoa Agirreazaldegi, Markel Eizagirre, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Manu Goiogana eta Jokin Bergara

Apirilak 5, ostirala: Aizarnazabalen, iluntzean, Adiskide gaztetxean. Bertsolariak: Oier Aizpurua, Joritz Bastarrika, Libe Goenaga, Endika Igartzabal, Maialen Akizu eta Jon Gurrutxaga.

Apirilak 26, ostirala: Zarautzen, iluntzean, Putzuzulon. Bertsolariak: Julen Zulaika, Beñat Jauregi, Aitor Salegi, Iñigo Izagirre, Asier Azpiroz eta Ane Zuazubiskar.

Maiatzak 3, ostirala: Getarian, iluntzean, Getariako gaztetxean. Bertsolariak: Aimar Sorazu, Danel Olano, Izarne Zelaia, Iban Urdangarin, Aitor Urbieta eta Lierni Rekondo.