Uxue Alkorta eta Aner Peritz, Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren finalera

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 25a, 13:30
Iazko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finaleko argazkia.

Guztira, lau kanporaketa egin dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren izango da apirilaren 5ean. Aurten, 23 bertsolarik parte hartu dute bat-bateko lehian, eta horietatik 11 bertsolari izan dira eskualdekoak.

Erabakita dago Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Bertso Txapelketaren finalean arituko den zortzikotea, eta finalisten artean daude Uxue Alkorta eta Aner Peritz zarauztarrak. Haiekin batera izango dira finalean Imanol Albizu azpeitiarra, Haizea Arana, Oihana Arana, Igauri Lopetegi eta Maddi Aiestaran.

Guztira, lau kanporaketa egin dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren izango da apirilaren 5ean. Lau kanporaketetatik bina bertsolarik eskuratu dute finalerako txartela, eta horiek osatu dute finaleko zortzikotea. 

Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartu dute, eta horietatik 11 bertsolari izan dira eskualdekoak: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Iaz Imanol Albizu eta Oihana Labiano azpeitiarrak eta Aner Peritz eta Uxue Alkorta zarauztarrak aritu ziren bertsotan eskolarteko finalean. Aner Peritz bigarren sailkatu zen, eta beste hiru bertsolariak “gustura” gelditu ziren finalean egindako lanarekin.