Zarauzko Udalak Planetaren Ordua ekimenarekin bat egitera deitu ditu herritarrak

Zarauzko hitza 2019ko mar. 27a, 20:00

Udalak Adena WWFk antolatutako ekimenean parte hartuko du martxoaren 30ean udal eraikinetako argiak itzaliz, 20:30etik 21:30era.

Adena WWF erakundearen Planetaren Ordua Sidneyn (Australia) hasi zen 2007an. Orduan, 2,2 milioi pertsonak parte hartu zuten klima aldaketaren kontrako aldarrikatze ekimenean. Ordutik, munduko hiri asko izan dira ekintza honekin bat egiten dutenak, eta 2018an, 188 herrialdek hartu zuten parte beraien eraikin esanguratsuenetako argiak itzalita. Zarauzko Udalak aurten ere parte hartuko du ekimenean eta, hala, martxoaren 30ean, 20:30etik 21:30era udal eraikinetako argiak itzaliko ditu; besteak beste, Santa Maria la Real Parrokiako argiak, San Frantzisko elizakoak, Udaletxekoak, Torre Luzekoak, Sanz Eneakoak eta Villa Mundakoak.

GGloria Vazquez Ingurumen zinegotziak ekintzan parte hartzera gonbidatu ditu zarauztarrak, beren etxeetako argiak eta etxetresna elektrikoak itzaliz. Planetaren Ordua ekimenari buruzko informazio guztia Adena WWF erakundearen webgunean aurkitu daiteke.