Zarautz 'Basques à Bourdeaux' azokan izan da

Zarauzko hitza 2019ko mar. 28a, 16:11

Azoka martxoaren 22tik 24ra ospatu zen Bordelen eta Zarautzek Destinos Euskadi-ren stand-ean aurkeztu zuen bere eskaintza turistikoa.

Pasa den asteburuan Basques à Bourdeaux azokaren bigarren edizioa ospatu zuten Bordelen. Bertan, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Zarautz, Irun eta Hondarribiak osatutako Destinos Euskadi stand-a jarri zuten, Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Guztira, 60 standek hartu zuten parte azokan, eta Destinos Euskadik bere eskaintza turistikoa ezagutzera eman zuen. Zarauzko Turismo zinegotziak, Ixidor Larrañagak, Bordeleko publikoaren erantzuna "oso ona" izan zela adierazi du: "Bordeletik oso sentsazio positiboarekin etorri gara. 16.000 pertsonak bisitatu zuten azoka eta stand-etik pasa zirenak gure herriaren eskaintza turistikoari buruzko informazioa osatzera etorri ziren".

Larrañagaren arabera, Frantziatik datozen turistak hiru indargunek erakartzen ditu gehienbat: natura, erosketak eta merkatua eta gastronomia. "Azken urtean jasotako datuen arabera, frantziarrak naturarekin bat egiteko ibilbideen bila etortzen dira Zarautzera, baita gure parrila eta pintxoez gozatzera ere".

Era berean, Zarauzko Turismo Bulegoko arduraduna den Esther Facchinek azaldu duenez, 2018ko maiatzaren 1etik 2019ko otsailaren 28ra bitartean Turismo Bulegoan jasotako datuen arabera, atzerritik etorritako bisitari gehienak Frantziatik etorritakoak dira. Horien ostean, gehien etortzen direnak Alemaniakoak, Erresuma Batukoak eta Holandakoak dira.