Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a'-k irabazi du Bi Harri Txapelketa

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 31a, 20:36
'Izeta II.' aitak jarri dio txapela 'Izeta IV.'-ri (Amaia Urbieta Arruti)

Bigarren aldiz irabazi du Bi Harri Txapelketa Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a-k, 23 altxaldi eginda Mollarri eta Jai Txiki harriei. Aimar Irigoien errezildarra izan da bigarren, Izeta IV.ak baino altxaldi bat gutxiagorekin.

Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a-k irabazi du bigarren aldiz Bi Harri Txapelketa. Faboritoen artean zegoen Izeta IV.a, eta espektatibak betez, txukun egin ditu bere lanak. Aimar Irigoienen izena ere entzun zitekeen zenbait ahotan, eta txapela erdietsi ez badu ere, 22 altxaldi egin dizkie harriei eta indartsu itzuli da min hartuta egotetik. Hirugarren postuan, berriz, Izeta III.a geratu da, 21 altxaldirekin.

Dozenaka lagun bildu ditu Bi Harri Txapelketak laugarren urtez Aritzbatalde pilotalekuan. Harmailetatik gogor animatu dituzte harri-jasotzaileak lanean ari zirela. Ikuskizuna nolanahikoa izan ez den arren, oraindik inork ez du lortu gainditzea 2016an Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k ezarritako 25 altxaldiko marka.

Hurrenez hurren, horrela geratu da gaurko sailkapena:

  1. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, 23 altxaldi
  2. Aimar Irigoien, 22 altxaldi
  3. Jexux Mari Izeta III.a, 21 altxaldi
  4. Imanol Illarramendi Kortaberri, 20 altxaldi
  5. Jokin Eizmendi, 20 altxaldi
  6. Xabier Peñagarikano Peña, 19 altxaldi
  7. Gorka Etxeberria, 18 altxaldi
  8. Iñigo Eizagirre Eiza, 18 altxaldi
  9. Sergio Mielgo, 15 altxaldi
  10. Josu Urbieta, 13 altxaldi