Zingira basora irteera gidatua egingo dute igandean

Zarauzko hitza 2019ko api. 2a, 16:12

Udaleko Agenda 21 Sailak Zingira basora irteera gidatua antolatu du iganderako. Aranzadiko adituekin batera, 10:30ean abiatuko dira basorantz, Eraztun Berde Urdinaren hasierako puntutik (Aiten Etxe jatetxearen aurrean).

Datorren iganderako, apirilaren 7rako, Zingira basora irteera gidatua antolatu du udaleko Agenda 21 sailak. 10:30ean hasiko da txangoa, Eraztun Berde Urdinaren hasieratik (Aiten Etxe jatetxearen aurretik). Aranzadiko adituek azalpenak emango dituzte bidean zehar, bi taldetan banatuta; talde batean euskaraz egingo dute eta bestean gazteleraz. Guztira, irteerak hiru orduko iraupena izango duela kalkulatu dute.

Eraztun Berde Urdinaren gune "garrantzitsuenetako bat" Garate Santa Barbara dela azaldu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. Duela hiru urte Zingira basoa erosi zuen udalak, eta pixkanaka-pixkanaka, berreskuratze lanak egin dituzte: pinuak kendu, zingira berreskuratu, arkamurkak landatu...

Irteera honen helburua "zarauztarrei basoan egindako lanak erakustea" dela azaldu du Vazquezek. "Herritarrak animatu nahi ditugu irteeran parte hartzera eta informazioa jasotzera, zuzenean, basoaren berreskurapen-lanetan aritu diren adituengandik".

Erlazionatuak

Hasi dira Zingira basoko lanak

Amaia Urbieta Arruti 2018 urr 10 Zarautz