Udaletxean izan dira elkartrukeko Herbeheretako ikasleak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 5a, 10:37

Gaur itzuliko dira Leiden-era 15 eta 17 urteko ikasleak, ia astebete Zarautzen igaro ondoren. Antoniano ikastetxeko ikasleen etxeetan egon dira, eta gaur harrera egin die udalak udalbatzar aretoan.

Gaur 14:00etan abiatuko dute etxerako bidea Herbeheretako Lieden herriko ikasleek. Igandean iritsi ziren Zarautzera, Antoniano ikastetxearekin egindako elkartruke programari esker. Zarauztarrak otsailean izan ziren Herbeheretan, eta orain haien txanda izan da. Ikasleen etxeetan egon dira, eta Antonianoko irakasleek azaldu dute "esperientzia oso ona" izan dela.

Zarautz ez ezik, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dute 15 eta 17 urte arteko herbeheretarrek. Besteak beste, Gernikan, Gaztelugatxen eta Donostian izan dira egun hauetan.

Udalbatzar aretoan harrera egin die gaur udalak, Jesus Arana alkateordea buru. EAJko, EH Bilduko eta Irabazi Zarautz alderdietako hainbat zinegotzi ere bertan izan dira, baita Arantxa Aldalur Hezkuntza teknikaria ere. Azken honek egin dizkie aurreneko hitzak euskaraz nahiz ingelesez ikasleei.

Aranak hartu du hitza gero, hark ere euskaraz eta ingelesez, eta berriz herrira etortzera gonbidatu ditu ikasle holandarrak, "baina ez turista bezala, bisitari eta lagun bezala baizik". Esan du zerbait maitatu ahal izateko aurrena ezagutu egin behar dela, eta espero duela Zarautz ezagutu ondoren, maitatuko dutela. 

Harreraren ondoren oroigarri bana eman diete kanpoko ikasleei, eta mokadutxoa egin dute denek elkarrekin.