'Blogetan' lehiaketako sarietako bat jaso du Imanol Epeldek

Zarauzko Hitza 2019ko api. 5a, 11:31

Azkue fundazioak ematen ditu euskarazko blog onenen sariak, eta Epelderen 27 zapata blogak jaso du Gizarte eta Politika alorreko saria. Epaimahaiak blog horren "estilo bizia" nabarmendu du.

Bilbon, Euskararen Etxean jaso du saria Imanol Epelde zarauztarrak, 27 zapata blogari esker. Azkue fundazioak saritzen ditu euskarazko blog onenak. Epelde Gizarte eta Politika kategorian saritu dute; Kultura kategorian Xerezade bloga saritu dute; Aisian, Kontra-kantxa; eta Zientzia eta Teknologian, azkenik, Laborategia

Epaimahaiak 27 zapata blogaren "estilo bizia" nabarmendu du, eta azpimarratu du Epeldek "gai eta gogoeta mamitsuak" lantzen dituela "formatu arinean". Epaimahaia osatu dute Azkue fundazioak, Argia aldizkariak, Tokikom-eko Joxe Rojasek, Pikara Magazine-ko June Fernandezek eta Zuzeu atariko Urko Urangak.

Saritu guztiek garaikurra eta 200 euro jaso dituzte, baina hutsik gelditu da Argia-k ematen duen euskal blogari berrientzako saria.