Mende erdi, naturaren behatzaile eta zaindari

Zarauzko Hitza 2019ko api. 5a, 12:29
Arkamurkak 2006an antolatu zuen Natur Asteko irudi bat (Xabi Aizpurua)

Arkamurka natur taldeak 50 urte bete ditu aurten. Naturarekiko zaletasunak eta hura kontserbatzeko ardurak batzen ditu taldekideak, eta Gipuzkoako Hitza astekariak erreportajea argitaratu du gaur elkarteari buruz.

Urte berezia da aurtengoa Zarauzko Arkamurka natur taldearentzat, mende erdi pasatu baita ibilbidea hasi zuenetik. “Urte asko dira 50, eta aldaketa handiko urteak izan dira, gainera”, adierazi du Martxel Aizpurua taldekideak. Naturari emandako 50 urte izan dira, eta, aldi berean, asko jaso dute naturatik. “Saiatu gara naturatik ikasten, ikasitakoa zabaltzen eta naturaren kontserbazioa sustatzen”. Gozatu dute, borrokatu dute, eta, aurten, ospatu ere egingo dute. Urteroko jarduerez gain, ekitaldi bereziak ere antolatuko dituzte aurtengo.

Aizpurua alegiarra da izatez, baina badira 35 urte Zarautzera iritsi zela, eta, hain zuzen, ordutik da natur taldeko kide. Ez da taldea sortu zutenetako bat, baina badu hasieraren berri. “Lau perretxikozaleren ekimenez sortu zuten taldea, 1969an. Urte haietan, perretxiko erakusketa handiak egiten ziren Tolosan eta beste zenbait herritan, eta lau lagun erakusketa horietara-eta joaten hasi ziren”. Haiek ere elkarrekin zerbait egin zezaketela pentsatuta, bilerak egiten hasi ziren haietako baten garajean. “Eta Zarauzko Izadi Zaleak izendatu zuten beren burua”, kontatu du Aizpuruak. Perretxikoak biltzen zituzten larunbatetan, eta larunbatetan bildutakoak aztertzen zituzten igandeetan. Zarauzko lehendabiziko perretxiko erakusketa antolatu zuten 1980an, Barren plazan.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.