Aldarrikapenekin hasi du Gazte Eguna Dandak

Zarauzko Hitza 2019ko api. 6a, 15:27

Putzuzulo atarian topa egin ondoren, era guztietako bizikleta, patin eta patineteekin herrian buelta egin dute Danda gazte asanbladak antolatutako Gazte Egunean parte hartu dutenek. Aldarrikapenez jositako ibilbidea izan da.

Neguetxean, apustuetxean, udaletxe aurrean, Turismo Bulego berriaren aurrean nahiz Paxo pasabidean izan dira Gazte Egunean parte hartzen ari diren gazteak, eguna aldarrikapenekin hasteko.

Umorez egin dute buelta bizikleta, patin nahiz patineteetara igota, eta herritar askoren atentzioa bereganatu dute. Herritar bat baino gehiago gelditu da eskegi dituzten pankartei begira. Esaterako, zera zioen Paxo pasabide gainean jarritako pankarta batek, Azken Portu aldetik ikusita: Gorde Txilipitua! Multa, multis, multorum.

Bazkaria Putzuzuloren kanpoaldean egin dute 50 lagunetik gorak, eta arratsaldean jokoak egingo dituzte. Gauean, berriz, hiru kontzertu izango dira Gaztetxean 22:00etatik aurrera: Polybius, Azalera eta Z-Boage.