Inaxio 'Isasti'ren bertso jarriak, bere haurtzaroko Zarautzen inguruan

Zarauzko Hitza 2019ko api. 8a, 16:10
Zarautz, duela 70 urte. (zarauzkoartxiboa.org)

Inaxio Uria Isasti-k bertso sorta ondu du, 50 eta 60ko hamarkadetan Zarautz nolakoa zen azalduz.

Doinua: Habanera

1.
Herri lasaia Zarautza
egungoaren aldean
Biztanle izango ginan
sei bat mila gehienean
Ia denak kokaturik
herriko Alde Zaharrean
Trenbidetikan hasi ta
itsasora bitartean
Eta gutxiengo batzuk
nekazal auzo partean
sakabanatuta zeuden
hala da nire ustean
Iñurritza, Azken Portu
eta Urteta artean
abereak zainduz eta
soro ta baratz lanean

2.
Herria oinezkoentzat
antolaturik zegoan
Kotxeak gutxi ziraden
oraindikan dut gogoan
Bi taxi egoten ziren
herriko plazan ondoan
Joxe Mantzo ta Lazkano
beti elkarren alboan
Patxadaz atze aurrera
dordokak duten ritmoan
Jendeak deitzen zituen
ezkontza ta bataioan
Eta haurrak atzetikan
jarraituz prozesioan
"Atzetik!" oihukatuaz
guretzat festa giroan

3.
Garraio ezagunena
izaten zen bizikleta
Ta hau ere lanerako
gehienak ondo gordeta
Ugari ziren karroak
zamaz ederki beteta
Herria zeharkatuaz
bakoitzaren beharreta
Nekazariak bestalde
erakutsiaz arreta
Astoekin jeisten ziren
hartuaz behar zen beta
Egunero baserritik
Zarautz herriko kaleeta
Barazkiak ta esnea
saldu nahi zituzten eta

4.
Euskararen egoera
benetan zen xelebrea
Nahiz kalean erabili
eskolan ez zen librea
Galerazia zegoen
hizkuntza hau ikastea
Gaurko gaztediarentzat
oso zaila ulertzea
Hala ohitu ginen baina
bene-benetan tristea
Salletarrek bakarrikan
aurkitzen zuten tartea
euskara erabiltzeko
hala murriztuz kaltea
Baita antolatu ere
euskal dantzari taldea

5.
Etxe barruko giroa
zeharo zen desberdina
Seme-alaba ugari
hori zen gauza jakina
Etxeko lanak eskuaz
ez tresna ta ez makina
Dutxarik gabe gehienak
orain ezin imajina
Halare jendea ez zen
ibiltzen oso zikina
Telebistarik ez zen ta
horrek bazuen eragina
Jatordu ondorenean
behartu gabe adina
guztiok egiten gendun
berriketaldi majina

6.
Garai haietan kalean
pasatzen gendun eguna
Eskola ordutik kanpo
hori da esan nahi nuna
Jolasean etengabe
heldu artean iluna
Txingo ta tximilikuarte
bakoitzak gustuko zuna
Futbol, korrika, pelota
harizko, goxo, biguna
soka saltoa izan zen
ondo ikasi genduna
xiba, kromo ta kanikak
garailea zen beruna
Desberdina da zeharo
orain ikusten duguna