"Kanpotik etorri eta euskarara hurbildu direnak" omenduko dituzte Korrikan

Zarauzko Hitza 2019ko api. 11a, 14:00
21. Korrika bihar igaroko da Zarauztik. (AEK)

Zarauzko Udalak erosi duen kilometroan, Boucabar Mbaye senegaldar jatorriko zarauztarrak eta Nekane Iribar Kultura eta Euskara zinegotziak eramango dute lekukoa.

Apirilaren 4an abiatu zen 21. Korrika Garestik, eta igande honetan, apirilak 14, bukatuko da Gasteizen. Bihar, ostirala, iritsiko da Zarautzera, 13:00etan. Zarauzko Udalak kilometroa erosi du, eta moila inguruan egokitu zaio ibilbidea egitea eta lekukoa eramatea.

Udalak "kanpotik etorri eta euskarara hurbildu diren bizilagun berriei" egingo die aitortza; hala, Nekane Iribar Kultura eta Euskara zinegotziak eta Boucabar Mbaye senegaldar jatorriko zarauztarrak eramango dute lekukoa Zarauzko Udalari dagokion kilometroan. Iribarren arabera, Mbayek "euskarara gerturatu diren bizilagun berri guztiak ordezkatzen ditu". "Klika egitea hautu bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egiteam euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea eya jauzia ematea", gehitu du zinegotziak, Korrikaren aurtengo leloari (Klika) erreferentzia eginez.

Zarauzko Udaletik adierazi duenez, "Zarautz gero eta herri anitzagoa da": "Azken urteotan hainbat bizilagun berri iritsi dira Zarautzera munduko hamaika bazterretatik, eta horietako askok hona iritsi aurretik ez zekiten euskara bazenik ere". Gauzak honela, "askok" egin dutela "euskara ikasteko ahalegina" iritzi dute, hala nola, AEK euskaltegian, HHI helduentzako eskoletan, herriko eskoletan gazteenek edota ikastaro eta saio desberdinetan.

Bestalde, udalak nabarmendu du martxan dagoela Euskara Harrera ikastaroa, "kanpotik etorritako zarauztarrak herrian integratzeko eta euskarara hurbiltzeko" helburua duena. 2009. urtetik hona 200 lagun baino gehiagok parte hartu dute bertan.